POSIBLE AL DA ZERBITZU PUBLIKOAK INDARTZEA ZERGAK IGO GABE? (II)

Arantza Urkaregi Etxepar
Aurreko artikuluaren ondorioa zen Covid-19 pandemiak egindako gizarte-ondorio larriei aurre egiteko, Europako funtsak eta zorpetzeaz gain, ezinbestekoa izango dela zergen bidezko diru-sarrerak handitzea.
Gure zerga-sistema aztertuta, aukerak ditugu diru-sarrera gehiago lortzeko. Hain zuzen, gure zerga-presioa, Europar Batasuneko batezbestekoarekin alderatuta txikiagoa delako.
Zergen bidezko diru-sarrerak handitzeko neurri ezberdinak hartu beharko ditugu, batzuk, epe motzean, eta beste batzuk, epe ertainean. Epe motzean, Covid Tasa modukoa planteatu behar da, hau da, aldi baterako eta ez ohikoa izango den neurria. Epe ertainean, fiskalitate berri progresiboagoa eta ekitatiboagoa ahalbidetuko duen zerga-erreforma sakon bat egitea.
Covid Tasaren proposamenik zehatzena EH Bildurena da. Ez da tasa orokor bat, baizik eta goiko tarteetan kokatzen diren aberatsei, pertsona eta enpresei soilik aplikatuko zaien tasa, horiek baitira, hain zuzen ere, erosteko gaitasun handiena duten pertsona fisiko eta juridikoak, eta beraz, pairatzen dugun salbuespenezko egoera honetan ezinbesteko ekarpena egin beharko dutenak.
Covid Tasak eragina izango du gure eskumenekoak diren zerga zuzenetan, zerga-tipoak, behin-behinean eta era progresiboan, handituz:
- Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) kasuan, 48.000 € arteko oinarri likidagarria dutenei ez zaie Covid Tasa aplikatuko. Bakarrik tarte altuenetan ezarriko da errekargua. Hau da, zergadunen %9ak soilik izango dute errekargua. Eta errekargu progresiboa: %1. %2, … 180.000 baino gehiagokoentzat %5eko errekargua, baina horiek dira zergadunen % 0,4. Gutxi dira eta errenta handia dute. Denetara, 78,5 milioi € lortuko genuke.
PFEZen barruan ere, Kapitalen Errentaren kasuan, 15.000 € arte, salbuetsita eta hortik gorakoentzat, %5 eta %10 gehiago. Errekargua izango dute kapital errentak deklaratzen dituztenen %4 eta lortuko genituzke 72 milioi €.
- Ondarearen gaineko Zergan (OZ), bakarrik ezkutu fiskala (OZren bidez ordaindutakoak ezin du PFEZen ordaindutakoaren % 65a gainditu) kentzearekin 59 milioi € lortuko genituzke. Eta horietatik, 40 milioi inguru ordainduko zuten 12,8 milioi baino ondare handiago duten 150 inguruko bizkaitarrek. Berriro, pertsona gutxi dira (%2) eta aberastasun handia dute (ondare osoaren %20).
- Sozietateen gaineko Zergan, errekargua jarriko zitzaien 300.000 € baino oinarri likidagarri handiagoa duten enpresa ertain eta handienei. Oinarri likidagarria 300.000 € eta 3 milioi € artekoa dutenentzat, %5eko errekargua; 3 eta 6 milioien artean, %8; eta 6 milioi baino gehiago, %10. Kontuan hartu behar da Sozietateen gaineko Zerga ordaintzen dute etekinak izan dituzten enpresek, etekinak zergapetzen dira.
- Oinordetza eta Dohaintzen gaineko zerga-tasen errekargua: 600.000 € arte, %0,5; 600 milatik milioi arte, %1 eta milioitik gora, %1,5eko errekargua.
Ezin da estimatu Covid Tasaren eragina aurreko zerga guztietan, baina Bizkaian gutxienez 200 milioi gehiago (eta Sozietate Zergarena ez dago sartuta) bilduko lirateke. Eta tasa hau aplika daiteke 5 urteetan. Balioko digu epe motzean diru-sarrerak handitzeko eta gure zerbitzu publikoak sendotzeko, Covid-19ak agerian utzi duen zerbitzu publikoen ahuldadeari aurre eginez.
Eta proposamen honi emandako erantzuna izan da, edo ez ikusiarena egitea, edo esatea ez dela nahikoa zuloa estaltzeko. Argi dago Covid-Tasarekin batera, beste neurriak hartu beharko dira, tartean, hainbat proiektu erraldoi ez egitea, behintzat momentuz.
Hau da premiazko neurria, baina ez da nahikoa ere. Beharrezkoa dugu zerga-sistema osoa aztertzea eta sistema ekitatibo, progresibo eta justuagoruntz urratsak ematea. Gure zerga-sisteman gehien duenak ez duelako dagokiona ordaintzen. Ezinbesteko aldaketak bultzatu behar ditugu gure zerga-sisteman, baina horiek ezin dugu egun batetik bestera egin, ezta berehalako dirua jaso. Bain egin beharreko aldaketak dira eta hurrengo artikuluan (azkena) azalduko ditut.
