POSIBLE AL DA ZERBITZU PUBLIKOAK INDARTZEA ZERGAK IGO GABE? (III)

Arantza Urkaregi Etxepare
Aurreko artikuluetan azaldu dut, Covid-19 pandemiak egindako gizarte-ondorio larriei aurre egin ahal izateko, Europako funtsak eta zorpetzeaz gain, ezinbestekoa izango dela zergen bidezko diru-sarrerak handitzea. Epe motzean. Covid tasaren bidez handitu ditzakegu diru-sarrerak, baina, Covid-19 pandemia baina harago. zerga-sisteman egiturazko aldaketak bultzatu behar ditugu, egungo zerga-sistema justuagoa, ekitatiboagoa eta progresiboagoa egiteko.
Behin baino gehiagotan aipatu dugu gure jendartean aberastasuna egon badagoela, baina gaizki banatuta dagoela. Adibide gisa, Ondare Zergaren datuak aztertzen baditugu, Bizkaian, 12,8 milioi baino ondare handiago dutenak 147 pertsona dira (ondare zerga deklaratzen duten %2) eta beraiek metatzen dute ondare gordina 4.204,5 milioi €-koa da, hau da, Bizkaiko ondare garbi osoaren ia %20. Argi dago Bizkaian oso aberatsak diren pertsonak egon badaudela. Are gehiago, 2011 urtean, tarte horretan 101 bizkaitar ziren eta 2.414 milioi € metatzen zituzten. Beraz, aurreko krisialditik, aberatsenak direnak gehiago dira Bizkaian eta aberatsagoak dira. Hau da, daukagun zerga-sistemak aberastasuna hobeto banatu baino, aberastasuna pertsona gutxi batzuengan metatzeko balio du.
Egungo zerga-sistema defendatzen dutenek diote gehien duenak gehiago ordaintzen duela, eta PFEZen egia da gehiago ordaintzen dutela, baina ez ordaindu beharko luketen beste. Progretsibitatea dago lan-errentetan, baina ez kapital-errentetan. Lan-errenten tipoak %23tik %49ra doaz, baina kapital-errenten kasuan, tipoak %20tik %25era doaz. Hau da, kapital-errentaren bidez lorturiko 20.000 €-ri aplikaturiko tipoa %23 da, aldiz, diru kopuru hori gure soldata bada, aplikatuko zaio %28, eta diru kopurua gora joaten den heinean, aldea handituz doa. Hau da, errenta-iturri ezberdinak ez daude berdin zergapetuta.
Horregatik, zerga-sistema hobetzeko lehen proposamenak izan behar du PFEZn, lan-errentak eta kapital-errentak batzea, oinarri bakarra zehaztu, tarteak egin eta zerga-tipo progresiboak ezarri. Era horretan, iturri batetik zein bestetik lortutako errentak berdin zergapetuta egongo dira. Era horretan, Bizkaian, gutxienez 215 milioi lortuko genituzke.

Bigarren proposamena litzateke Ondare Zergaren ordez, Aberastasun eta Fortuna Handien gaineko Zerga ezartzea. Alde batetik, ezkutu fiskala kenduko litzateke, eta bestetik, ondareaz gain, pertsona batek duen aberastasun osoa zergapetuko da. Gutxieneko salbuespena jarriko da, aberastasun handia dutenei begirako zerga baita, baina zerga honek duen abantaila da pertsona batek duen aberastasun osoa deklaratu beharko duela eta, beraz, zerga-iruzurraren kontrako tresna ere bada. Ezin dugu kalkulatu zenbat diru lortu dezakegun, dakiguna da bakarrik zerga-ezkutua kenduta 50 milioi lortuko ditugu Bizkaian, baina gehiago izango dira.
Hirugarren proposamena, Sozietateen gaineko Zergari (SZri) dagokio. Zerga honen bidez bildutakoa gero eta txikiagoa da eta bere pisua, diru-bilketa orokorrean, gutxituz doa. 2007an, krisi aurretik, SZren bidez biltzen zen EAEko diru-bilketa osoaren %14,77; 2008ko krisia gainditu (behintzat adierazle makroekonomikoen arabera) ondoren, zerga horren pisua %8,43ra jaitsi da 2019an. Denetara, 2019an, 2007 urtean baino 730,4 milioi € gutxiago ordaindu dituzte enpresek izandako etekinengatik. Bitartean, beste zergen bidezko diru-sarrerak handitu egin dira.
SZren bidez bildutakoa handitzeko neurriak hartu ordez, orain dela bi urte, EAJk, PSEk eta PPk onartu zuten 2018an tipo orokorra %28tik %26ra jaistea, eta 2019an, %26tik %24ra. Askotan, eztabaida kokatzen da tipo teorikoak igotzean ala ez. Baina SZn planteatu beharreko erreformak harago joan beharko luke. Izatez, enpresek ordaintzen dituzten benetako tipoak askoz txikiagoak dira.
Alde batetik, tipoak enpresen tamainaren arabera ezarri ordez, tipo progresiboak ezarri beharko liratekeen enpresek lortutako etekinen arabera. Argi geratu behar da ez dela Sozietateen gaineko Zerga bat, baizik eta Sozietateen Etekinen gaineko Zerga, hain zuzen enpresek lortutako etekinak zergapetzen baititu.
Bestetik, horrekin lotuta, murriztu behar dira zerga honetan dauden kenkarien zirrikitoa, azken finean, zerga-elusiorako bidea irekita uzten baitute, kenkari batzuk mugarik gabekoak baitira. Kenkari bakarra egon beharko litzateke, ikerkuntza, garapena eta berrikuntzari lotuta, eta kuotaren %25eko muga ezarrita.
Laugarren proposamena: Oinordetza eta Dohaintzen gaineko zergan, salbuespena lehen mailako ahaidetasunera mugatu behar da eta progresibitate printzipioa ezarri. Noizean behin entzuten dugu zerga hau (Ondare Zerga bezala) kendu behar dela, baina kontrakoa da, zorroztu behar da, hain zuzen, aberastasuna heredatzen delako. Eta bultzatu nahi badugu zerga-sistemaren izaera birbanatzailea, herentziaren bidez jasotako aberastasuna ondo zergapetu beharko da.
Bosgarren proposamena, zerga-gastuak errebisatzea da. Bizkaian, 2020ko aurrekontuetan aurreikusten da zerga-gastuak izango direla 3.200 milioi € inguru (% 28,79). Hau da, zergen bidez bildu beharko genituzkeen 10 € bakoitzeko, ia 3 € jaso gabe geratzen dira. SZn, zerga-gastuek %23,11 suposatzen dute. Lehen aipatu dugunez, kenkari bakarra eta mugatua ezarri beharko litzateke. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZri) dagokionez, 3.000 milioi € biltzea aurreikusten da, baina 1.000 milioi € bildu gabe geratuko dira. Eta kenkariek eta horrelakoek ez dituzte berdin eragiten likidazio oinarri baxua dutenen kasuan, edo goiko tarteetan daudenen kasuan. Zenbat eta aberatsagoa izan, gero eta kenkari eta hobari gehiago. Era horretan progretsibitatea apurtzen da. Esate baterako, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakunde (BGAE) eta Pentsio Planetarako ekarpenengatik, 109 milioi € barkatuko dira, Baina nortzuei barkatuko zaie diru hori? Guztioi ez; bereziki, ahalmen ekonomiko handiagoa dutenei.

Beste adibide bat da etxebizitzari loturiko kenkaria. Ohiko etxebizitza erosteagatik 169,7 milioi € barkatuko dira; alokairuagatik, aldiz, 45,6 milioi € soilik. Berriro, nortzuk dute etxebizitza erosteko aukera? Nortzuk alokairuzko etxebizitza eskura dezakete soilik? Ahalmen ekonomikoen arabera izango da. Horretaz gain, kenkarien bidez politika zehatzak bultzatzen dira eta, kasu honetan, alokairua baino erosketa bultzatzen da, Eta kontrakoa izan beharko litzateke, alokairua erosketa baino gehiago bultzatu beharko genuke.
Proposamen hauen eta beste batzuen inguruko eztabaida zabaldu behar da gure jendartean. Badakigu epe motzera ez duela eraginik izango, baina bai hemendik bi urtera diru gehiago lor dezakegu, baina bereziki era justuago eta progresiboagoan bilduko ditugu zergak.
.
Arantza Urkaregi Etxepare
