Prentsaurreko jendetsua Aulestian, Osakidetzako murrizketak salatzeko

Osakidetzan egiten ari diren murrizketak ikusita, Aulestiko herritarrok batu eta honen aurrean zerbait egiteko behar izana ikusi dugu.
Prentsaurreko honekin emango diogu hasiera mobilizazio dinamikari eta datozen hilabeteetan, hainbat ekintza egingo ditugu. Orain irakurriko duguna, Aulestiko herritarrok idatzitako testua da, herriko eragile desberdinek, udalak eta herriko osasun langileek babestutakoa.
OSAKIDETZAN MURRIZKETARIK EZ, HERRI TXIKIAK BIZIRIK!
Osakidetzan geroz eta gehiago inbertitzen omen da, urtetik urtera aurrekontu partida handiagoa omen da, ez omen dago murrizketarik. Ba gure inguruan zerbitzu murrizketak agerikoak dira, eta osasun arreta etengabe gutxitzen doa.
Pandemiak agerian utzi zuen Osakidetza zein norabidetan zihoan eta pandemiaren aitzakiapean, salbuespen egoeran onartu genituen hainbat neurrik normalizazio egoera hartu dute denborarekin, eta ondorioz, herri txikietan geroz eta zerbitzu gutxiago ditugularik. Isil isilean zerbitzuen galerara goaz.
Aulestiko biztanleon bataz besteko adina altua da, geroz eta herri zahartuagoa gara. Osasun zerbitzua gertukoa izatea eta erreferentziazko mediku eta erizaina izatea ezinbestekoa da. Mediku kontsulta itxita egotea edota zabalik edo itxita noiz egongo den ez jakiteak, herritarron eta batez ere adinez nagusi direnen zaurgarritasuna areagotzen du.
Badakigu egoera hau ez dela soilik Aulestiko egoera, Osakidetzan murrizketen politikekin dihardute eta honek herri txikioi bereziki eragiten digun arren, egoera orokorra dela jakitun gara. Pediatra eta ginekologia zerbitzua geroz eta urrutiago daukagu, edozein txanda emateko urtebetetik gorako itxaron zerrendak dauzkagu eta askotan ez dakigu gaixorik gaudenean nora jo behar dugun.

Herri txiki euskaldunon kasuan gainera, osasun langile euskaldunak behar ditugu, arretaren kalitatea eta segurtasun klinikoa bermatzeko ezinbestekoa delako pazientearen hizkuntzan ematea zerbitzua.
Murrizketa hauek herritar guztioi eragiten digute, eta argi daukagu, zerbitzuan eragiteaz gain, Osakidetzako langileei ere zuzenean eragiten dietela murrizketa hauek. Geroz eta baldintza eskasagoetan ari dira lanean,ezjakintasunean eta noraezean kasu askotan eta beraien aldarrikapenekin bat egiten dugu, Osakidetzako langileentzat lan baldintza duinak nahi ditugu.

Aulestiko eragile zein norbanakook, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu
Osakidetzan murrizketarik ez dezala egin eta herritarrek lehen arreta zerbitzua herrian jasotzea berma dezan.
Aldarrikapen hauek ikusgarri egiteko honako hauek dira herritarron plataformatik aurrera eramango diren ekimenak.
- – Gaur eta bihar eguerdian plazan egongo gara herritarron sinadurak batzen.
- – Datorren astean zehar, sinadurak batuko dira herriko tabernan, dendan, mediku kontsultan eta Udaleko idazkaritzan.
- – Uztailean eta abuztuan barikuero konzentrazioa egingo dugu plazan, 12:00etan.
- – Buzoi bat jarriko dugu mediku kontsultaren aurrean, herritarrei Osakidetzako murrizketek zertan eragin dien jasotzeko. Herri txikiak bizirik, Aulestin erizaina eta medikua egunero! AULESTIKO HERRITARRAK


