SOS zahar-egoitzak! Adineko pertsonen eskubideak ez dira adinarekin iraungitzen

Zahar-egoitzetako erabiltzaileen elkarteek (Arabako eta Bizkaiko Babestuk, Gipuzkoako Senideek, Irauli Zaintzak eta Arabako Egoitza eta Eguneko Zentroetako Erabiltzaileen Senideek), Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarekin batera, larrialdiko deia egiten diegu gizarte-erakunde eta sindikatuei, hilaren 31n Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan (Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Bilbon) antolatuko ditugun manifestazioetan gurekin bat egin dezaten.
Erabat kezkaturik gaude, eta hala eman nahi dugu aditzera, adineko pertsonarik ahulenek, bereziki egoitzetako, eguneko zentroetako edo etxez etxeko laguntza- zerbitzuetako erabiltzaileek, eta haien senitartekoek, egun bizi duten egoeragatik.
Zerbitzuen kalitatea gero eta eskasagoa da; aurrekontuen murrizketek, zerbitzuen pribatizazioak, langile-faltak, lan-baldintzen prekarietateak eta administrazio eskudunek ikuskaritza-lanei muzin egiteak hondatu egin dute. Covid19aren osasun- krisiak agerian utzi ditu gabezia horiek. Horren ondorioz, egoitzak isolamendu-zentro bihurtu dira, non erabiltzaileen eta langileen eskubideak urratu egiten diren. Egoitzak ixteak benetako tratu txar instituzionala ekarri die gure adinekoei.

Onartezina da pandemiaren bigarren fasean hainbeste kutsatze eta heriotza gertatzea. Protokoloak ez dira betetzen edo ez dira nahikoak. Langileentzat eta erabiltzaileentzat ez dira behar beste prebentzio-neurri aplikatzen. Ez dago espazioen kudeaketa egokirik, pertsonen osasuna babesten duenik, eta ez da kalitatezko arreta pertsonal eta kolektiboa bermatzen.
Administrazioen pribatizazio- eta irabazi-asmoek negozio eta mozkinen eredua ezarri dute, errentagarritasun ekonomikoa besterik bilatzen ez duen merkataritza- irizpideetan oinarritua.
Osakidetzak, bere betebeharrak alde batera utzita, ez du osasun-kontrolik egiten bere osasun-zentroen eremuko egoitza pribatu eta itunduetan, eta horrek ahalbidetzen du egoitzetan osasun-laguntza pribatua eta kasu gehienetan prekarioa ematea. Horrela, egoiliarren osasuna hondatzen doa larriki.

Indarrean dagoen legeria ez da betetzen, ezta Eusko Jaurlaritzak hiru aldundiekin eta EUDELekin onartutako 2017-2020 Plan Estrategikoa ere. Zenbait kargu izendatzera mugatu dira, zuzeneko arretarako baliabide ekonomikorik eta giza baliabide gehiagorik jarri gabe.
Egoitza-zentroetan unitate sozio-geriatrikoak eta sozio-sanitarioak izatea eskatzen dugu. Prozesu- eta emaitza-irizpide argiak dituen kalitatezko eredua nahi dugu, baita banakako arreta-planak ere, nahitaez bete beharrekoak, ez gomendioak. Etxeko zaintza-lanen aitortza ere aldarrikatzen dugu, emalumeek (gehienetan emakume etorkinek) egiten duten lan hori onartu ezinezko baldintzetan egiten delako.
Hori guztia hainbat mobilizaziotan eskatu dugu, baina oraindik ez dugu foru aldundien eta EAEko Jaurlaritzaren erantzunik jaso. Azalpen bat ere ez digute eman zahar egoitzetan gertatzen ari denaz, adinekoek eta haien zaintzaileek zergatik jasan
behar dituzten arduradun publikoen aurreikuspenik ezaren eta kudeaketa txarraren ondorioak. Ez dugu ulertzen, 700 nagusi hil ondoren, erakunde bakar batek ere hausnarketa autokritikorik ez egitea; aitzitik, pozik ei daude, gauzak ondo egin dituztelako.

Parte hartu nahi dugu pandemiari aurre egiteko abiatu diren neurri eta protokoloen ebaluazioan, baita bisiten eta irteeren kudeaketan ere. Administrazioei exijitzen diegu gizarte-eragileen esku-hartzea onartzeko eta, elkarrizketaren bidez, mendekotasunaren inguruko arreta-eredua aldatzeko, izaera unibertsal eta hurbila duen eta arreta duina eta kalitatezkoa bermatzen duen zerbitzu sozio-sanitarioen sare publikoa bultzatuz eta sistemaren kontrol zorrotza eginez.
Ez dugu amaitu nahi Covid-19agatik edota penagatik egoitzetan hil diren pertsonen aipamenik gabe. Haiek eta beraien gertukoak ditugu gogoan, haienak heriotza mingarriagoak izan direlako egora eta inguruabarrak kontuan hartuta.
