Usurbilen, zaintzak eraldatzen

Agurtzane Solabarrieta Mesa, Usurbilgo alkatea
Hitzaurrea
Eskerrak eman nahi dizkiogu Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateari, Usurbil zaintza arloan erreferente berritzaile bihurtzen ari den esperientzia baliotsu honengatik. “Herri zaintzaile” gisa egindako proposamenak erakusten du posible dela zainketak ulertzeko eta antolatzeko modua errotik eraldatzea, pertsonak erdigunean jarriz eta komunitate oso batek elkarren zaintzan duen zeregina berrirudikatuz. Esperientzia inspiratzailea da, eta haren ikaskuntzak balio handikoak izan daitezke alternatiba gizatiarragoak eta iraunkorragoak bilatzen dituzten beste komunitate batzuentzat.
Usurbilen, zaintzak eraldatzen
Motibazioa
XXI. mendeko gizarte honek duen erronka nagusietako bat da zaintzarena, izan ere, errealitate soziodemografiko berri baten aurrean gaudela erakusten du hamarkada honen amaierarako proiektatutako demografia piramideak. Gero eta zaharragoa da gizartea, eta, ondorioz, iraupen luzeko zaintzak luzatzen ari dira, mendekotasun indizeak goraka doaz, familia egiturak aldatzen, eta gero eta gehiago dira bakardade egoeran, eta batez ere, bakardade egoera ez hautatuan bizi diren herritarrak, eta abar.
Testuinguru honetan, hortaz, zaintza eskariaren handitze nabarmena ematen ari da, eta egun zaintza lanak antolatzeko dugun moduak ez ditu gizartearen beharrak asetzen. Gizateriaren une erabakigarri honen aurrean, beraz, premiazkoa da erronka honi erantzuna emateko herri estrategiak diseinatzea, eta Usurbilen horretan aritu gara urte luzeotan. Pandemia lehertu aurretik ekin genion zaintzak eraldatzeko herri-gogoetari. Pandemiak berak azaleratu besterik ez zuen egin gaur egungo sistemak zaintza sostengatzeko dituen arazoak.
Estrategia horrek iraupen luzeko zainketen sostengarritasuna bermatu asmo duen tokiko ekosistema bat osatzea zuen helburu, lurralderatua, Usurbilen errotua, oinarri komunitarioa duena, zaintza beharra duen pertsonen nahiak erdigunean jartzeko bokazioa duena, eta, ondorioz, etxeetara begira dagoena edo “etxean bezalako” alternatibak edo ekipamenduak kontuan hartzen dituena.

Zergatik etxeetara begira? Badago ebidentzia bat: galdeketa guztietan %90ek aipatzen dute, zaintza behar izanda ere, etxean bizi nahi dutela. Hori horrela bada, geure buruari honako galderak egin genizkion: nola egin dezakegu pertsonen nahiak betetzeko? Zer behar dugu horretarako? Zer paper joka dezake komunitateak horretan? Eta zaintza behar duena etxean ez bizita ere, zer egin dezakegu etxean bezala egoteko? Galdera horiei nola modu kolektiboan erantzun behar geniela argi izan genuen hasieratik: tokiko ekosistema horren eraikuntza kolektiboa parte-hartzailea izan behar zuela, behetik gora eraikitakoa behar zuela, eta erakundeak, sektoreak eta komunitateak elkarrekin eraikitakoa izan behar zuela. Eta premisa horri tiraka planteatu genuen parte-hartze prozesu bat abiatzea.
Zaintzaren arloari ikuspegi integraletik begiratu genion hasieratik, eta begirada/ertz/erpin guztiak barnebildu zituen prozesuak. Hala, prozesu honetan parte hartu zuten gure lurraldean zaintza-zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresetako ordezkariak, zaintzaile profesionalak, etxeetan zaintza-lanetan aritzen diren langileak (gehienak migratzaileak), familiarrak (menpekotasunen bat duten senideen zaintzaileak), zaintza behar duten herrikideak, komunitatearen ordezkariak, mugimendu feminista, eta erakundeetako ordezkariak (Osakidetza eta GFA, kasu). Begirada hori giltzarria izan da ekosistemaren eraikuntzan.
Ortzimuga: herri zaintzailea
Prozesuan aurrera egin ahala, zaintzak ulertzeko modua aldatzen joan zen, eta gure begirada zabaltzen. Guretzat ez da nahikoa, nahiz eta ez den gutxi, pertsonak ardatz dituen zaintza eredua martxan jarri eta ekosistema artikulatzea. Herri zaintzaileak edota zaintzen duten herriak eratzea izan behar du gure ortzimuga, erronkari, dimentsio guztietatik, erantzungo badiogu.
Zergatik bada? Ba kontzeptu horrek begirada zabaltzeko eskatzen digulako eta dimentsio guztiak barnebiltzen dituelako. Ezinbestean, zaintza zeharlerrotasunez eta ikuspegi sistemikoz lantzera behartzen gaitu, eta zaintza herri bat bertebratzeko edo egituratzeko eta kohesionatzeko elementu bilakatzen du. Esate baterako, herri baten plan orokorra idazterakoan, zaintzari eta eguneroko bizitzari erantzungo dion antolamendua eta hirigintza feminista lantzeko eskatzen digu; mugikortasun aktibo eta jasangarria lantzea ezinbestekotzat du, zaintza behar duten pertsonen edo adinekoen autonomia eta segurtasuna sustatzeko, kale irisgarriak diseinatzea, elkar zaintzeko ekipamenduak eraikitzea; kulturaren alorretatik, esaterako, festa inklusiboagoak lantzea, zaintza behar izanda ere, festez goza dezaten; hezkidetza programetan zaintza balio eta erantzunkidetasun gisa sustatzeko; tokiko merkataritzaren aldeko apustua egitea, aniztasunaren kudeaketan erdigunean jartzea, enplegu politiketatik, euskaratik lantzea…eta abar luze bat… zaintzak zirimiria izan behar du, eremu guztiak blaituko dituena.
Pertsona bat, bizi plan bat

Usurbilgo zaintza arreta eredu berria barnebiltzen duen helburua da. Gure ustez, babes gehigarria behar izateak ez du esan nahi babesgabe direnik eta erabaki ezin dutenik, eta ezin direla tratatu denak bat eta berdinak bailiran, denak ahul eta menpeko, zer nahi duten eta zer behar duten esateko gauza ez balira bezala.
Horixe izan da, hain justu, zaintza-eredu berri bat birpentsatzeko gakoetako bat: helburua izan behar du iraupen luzeko zaintza-prozesuetan jarraikortasuna bermatzea, bere bizitzari zentzua ematen jarraitzea, pertsonaren bizi-proiektuan hausturarik eragin gabe eta bizitza duina eta bizigarria ahalbidetzea. Sistema publikoa gai izan behar da pertsona bakoitzaren lehentasunei, nahiei eta erabakiei erantzungo dien arretak eskaintzeko, eta, horretarako, ezinbestekoa da zaintzak ematea zerbitzuen integraltasunetik. Hots, eta labur esanda, pertsona bakoitzari egokitutako eta modu parte-hartzailean osatutako bizi planak eskaintzea, zerbitzuen logika hutsetik aldenduz. Zaintza behar duen pertsonan oinarritzea.
Bizi Plana norberaren bizitzaren inguruko erabakiak hartzea errazten duen tresna da. Dokumentu dinamikoa da, zeinean pertsonak berarentzat garrantzitsua dena islatzen duen: pertsonak nahi duen bezala bizitzen jarraitzeko ekintzak eta baliabideak zehazten dira, bere balio, lehentasun eta premien arabera tratatua eta artatua izan dadin.
Planak pertsona bere osotasunean ikusten du, eta bere bizitzako hainbat alor hartzen ditu kontuan. Alor horietako asko beste pertsonekin harremanetan eta herriko testuinguruan eman daitezke. Beraz, herritar oro eta herria bera ere, neurri batean, pertsona horren zaintzaren arduradun izan daitezke. Inguruak eskaintzen dionaren arabera, zaintza behar handia duen pertsona batek gauza gehiago edo gutxiago egin ahal izango ditu, era autonomoago edo mendekoago batean, edo komunitatearen parte edo kanpo sentituko da.
Gizarte Zerbitzuen eraldaketa eta ekosistemaren eraikuntza
Pertsona ardatz izango duen arreta eredu komunitarioa eskaini eta zaintza beharrean dauden herrikideentzat komunitateak eskaintzen dituen aukerak profitatu eta horren norabidean artikulatzeko, hots, bizi plana garatzeko, ezinbestekoa da egungo udaletako oinarrizko gizarte zerbitzuak eraldatzea, eta, beraz, egungo legedi markoa aldatzea. Eztabaida honetan guztian alderdi hau gakoa da: nekez eraldatuko ditugu zaintzak, aurrez administrazioak bere burua ez badu eraldatzen.
Egun, EAEko Gizarte Zerbitzuen zorroak zehazten ditu administrazio bakoitzaren eskumenak eta zereginak. Tokiko ekosistemek logika eta antolaketa edota egitura administratibo horrekin apurtzea eskatzen dute, egungo marko konpetentzialak berraztertzea, pertsonei zuzendutako arreta eredua aldatu nahi bada, hots: menpekotasun balorazioen araberako prestazio eta zerbitzuen logika eta antolaketa alboratu eta pertsonen beharrak aintzat hartuko duen ibilbide integral (pertsona bat-bizi plan bat) baterako logika gailendu behar da, eta horrantz transitatu behar dugu.
Eraldaketa horretan ari gara Usurbilen, lege babesik gabe (egungo Gizarte Zerbitzuen 12/2008 legea zeharo zaharkituta geratu zaigu), eta gizarte langileen boluntarismo eta bokazio eraldatzaileak gidatuta. Beraz, ezin eskertuago nago, urte guzti hauetan erakutsitako konpromiso eta lan-ordu guzti horiengatik ez balitz, une honetan ez ginateke gauden tokian egongo. Bide hau lizitazio bidez kontratatuta izan dugun Matia Fundazioaren bidelaguntza teknikoarekin egin dugu.
Bestetik, Bizi planak eskaini ahal izateko, ezinbestekoa da pertsona baten zaintzan zeresana duten pertsona eta eragile guztiak saretzea, hots, tokiko ekosistema baten bueltan lanean aritzea, erdigunean zaintza behar duten pertsonak kokatuz. Horrek herrian lanean ari diren zaintza zerbitzu eta eragile ezberdinen koordinazioa eta lanen sistematizazioa bermatzea eskatzen du, antolaketa eta egitura berri bat sortuz.
Horixe da, beraz, zaintzarako gure gobernantza eredua: gobernantza kolaboratiboa. Egun, ikuspegi ekosistemikoa aintzat hartuta aritzen diren hainbat lantalde sortu dira:
• Zuzeneko arretan ari diren langileen koordinaziorako mahaia (Egurtzegi, Eguneko Arreta, Eguneko Zentroa, etxez etxeko zerbitzua, esperientzia eskola, oroimen tailerra…)
• Koordinazio soziosanitariorako taldea, gizarte langileek eta herriko mediku eta erizainek osatua
• Zaintza komunitarioaren lantaldea
• Zaintza behar duten pertsonen taldea
• Zaintzaile profesionalen lantaldea
• Zaintzaile familiaren lantaldea
Talde horiek guztiek lotuta daude euren artean, eta denen arteko koordinazioaz arduratzen da erreferentziazko gizarte langilea.

Era berean, beharrezkoa da zaintza zerbitzuek ekosistemaren arabera lan egitea: udalak eskaintzen dituen zaintza zerbitzuen lizitazio berriak ekosistemaren edukietara eta lan egiteko moduetara egokitu ditu. Orain arte enpresen borondateak eta atxikimenduak egin du posible, eta aurrerantzean, betebehar gisa eskatuko zaie.
Lan baldintza duinak
Zaintzen eraldaketaz ari gara, eta zaintzak ezingo ditugu eraldatu guztiz, eremu honetan lanean ari diren langileen lan baldintzak hobetzen eta duintzen ez baditugu. Oinarri hori ere oso presente dugu eraldaketa prozesu honetan. Izan ere, gure premisa argia izan da hasieratik: guztiok dugu zaintzarako eskubidea, baina ez beste pertsona baten eskubideen kaltetan, eta, beraz, zaintzek ez dute generoa, arraza, jatorria edota klase aldagaiek zeharkatu behar. Zaintzak emakumeen ardura esklusiboa izateari utzi behar dio, eta zaintza lanei prestigioa eman eta balioa aitortzeaz gainera, baldintza duinetan aritzea bermatzea dagokigu guztioi, izan eremu publikoan, izan eremu pribatuan.
Komunitatea eta gizonen inplikazioa
Ikusi duzuenez, zaintza eredu berriak oinarri komunitario sakona du. Komunitatearen parte diren eragile eta norbanako asko daude egitura horretan artikulatuta, baina, oraindik orain, gizonen parte-hartzea eta inplikazioa ez da handia.
Datu bat ematearren: parte-hartze prozesuan %80 emakumeak izan dira, eta batez ere, 60 urtetik gorako emakumeak. Beraz, hutsunea nabarmena da, oraindik orain, zaintza lanen ardura emakumeok hartzen dugulako gure gain, eta gizonek ez dute hartu erantzukizun hori. Hori lortu ezean, beraz, nekez eraldatuko ditugu zaintzak. Eraldaketa ez da erabatekoa izango, eta horretan, badugu oraindik zeregina.
Agurtzane Solabarrieta Mesa
Usurbilgo alkatea
