Zuhaitzek ez dute basoa ezkutatzen; zuhaitzak basoaren parte dira

Idatzi hau Mikel Alvarez Olaetxearena da

Esaera herrikoiak dio zuhaitzek, sarritan,ez digutela basoa ikusten uzten.

Zuhaitzak, zentzu horretan, basoa ezkutatzeko aitzakiak lirateke, bidean ateratako loreak bailiran. Baina zuhaitz horiek sakonki aztertzeak ere agerian uzten du, azken finean, basoaren izaera. Pentsioen aferari, eta oro har, ziklo ekonomiko zahar-berri honetan hartzen ari diren erabakiei ere aplikatu dakioke printzipio hau. 2008ko krisialdi ekonomikoan hartutako neurriekin alboratuta, guztiz neurri progresibo eta sozialak hartzen ari omen dira. Baina zuhaitz horrek hostoak zimelak ditu.

Ezaguna da 2008ko krisialdi ekonomikoan austeritatearen aldeko neurriak hartu zirela, langileon bizi baldintzak suntsituz eta sektore finantzariori erreskatea lehenetsiz. Gastu sozialaren murrizketa bortitza, lan merkatuen kontraerreformak, pribatizazioak, pentsioen kontraerreforma… kapital handiaren errentagarritasuna salbatzeko neurriak hartu ziren azken finean.

Artikulu

2020an paradigma berri baten aurrean aurkitzen omen gara. Paradigma horren elementu klabea europar funtsak omen dira. Baina zer dago europar funtsen atzean? 2008an hain agerikoa ez izan arren, sektore produktiboan errekonbertsio integral bat behar du kapitalaren irabazi tasak mantendu edo handitzeko. Errekonbertsio hori, ordea, ezinezkoa da diru pribatuarekin gauzatzea eta beraz, sistema publikoaren (gu guztion) finantzazioarekin garatuko du. Funts europarrak ez dira langileon eta pentsionisten mesedetan artikulatu diren mekanismo ekonomiko bat; Next Generation plana transnazionalek gidatuko duten transformazio “digital eta berdea” olioztatzeko apustua dira. Eta transformazio horretan, ez dezagun ahaztu, 2010 eta 2012an onartu ziren lan erreformak bere horretan jarraitzen dute. Are gehiago, funts horien erabilpena aurreko zikloko erreforma estrukturalak mantentzearekin baldintzatuta daude. Nadia Calviñok, Espainiako gobernuko ekonomia lehendakariordeak argi utzi zuen orain dela egun gutxi batzuk: “La Comisión Europea lleva años haciendo recomendaciones a España sobre las pensiones”. Zaharrak berri.

Aurrekontu politikari so egiten badiogu ere eszenatoki berdina daukagu. Aurrekontu progresibo, sozial eta zabalak direla esaten ari zaizkigu une oro. Eusko Jaurlaritzako aurrekontu proiektua oraindik oso argi egon ez arren, baditugu beste erreferentzia batzuk mahai gainean, besteak beste Bilboko Udaleko aurrekontuak. Pasa den urtetik hona soilik %1,6 hazi da diru partida guztia. Gainera, kontuan hartu behar da egonkortasunaren, zorraren eta gastu-arauen helburuak eten direla eta beraz, gastua handitzeko gaitasun are handiagoa dagoela. Azken urteetako krisi ekonomiko eta sanitario latzenaren aurrean, %1,6ko igoerarekin egingo zaio aurre prekarietate eta pobrezia egoerari? Gastu publikoa ez da termino espansiboetan hazi. Mahai gainean ditugun aurrekontuek ez diete behar sozialei erantzuten eta gainera, ez dute gastua gizartearen gehiengora hedatzen.

Pentsioen arloan antzeko zerbaiten aurrean aurkitzen gara. Toledoko Itunak argitaratutako txostenak argi uzten du zein den norabidea: pentsionisten olatu mobilizatzailearen eskari gutxi batzuk modu lausoak onartu arren, joera estruktural berdinarekin jarraitzen da. Beraz, nahiz eta KPIaren araberako igoera jasotzen den (hala ere, kontuan hartu urte hauetan KPIa negatiboranzko joera izango duela eta beraz, neurri hori ezerezean geratu daitekeela), 2011 eta 2013ko erreformetan hartutako neurri guztiak bere horretan mantentzen dira:

  • Iraunkortasun faktoreari eusten zaio. Honek etorkizun batean pentsioen zenbatekoetan murrizketak egitea ahalbidetu dezake.
  • 1080€ko gutxieneko pentsioren inguruan ez da hitz egiten. Gogoan izan behar dugu pentsionista andana dagoela gutxieneko soldatara iristen ez dena. Pobreziaren aurpegi honek emakume izena du batez ere.
  • Funts pribatuei atea are gehiago irekitzen zaie, sistema publikoari alternatiba moduan irudikatuz. Era berean, sistema publikoaren gestio pribatua ere aipatzen da, finantza sektoreari eta ente pribatuei sarbidea bermatuz.

Irudi aldaketak ez dira aldaketa estrukturalak, ez gaitezen nahastu. Pentsioen inguruko politika aberastasuna birbanatzeko dagoen mekanismo garrantzitsuenetakoa da, jendartearen bizi baldintza konkretuetan inpaktu zuzena duena. Enplegutik eratortzen diren errentak gutxituko diren honetan (nahiz eta horren aurka ere irmo mantendu behar garen), babes sistema sozialaren oinarri estrukturala aldatzea eta indartzea lehentasun bat da. Oinarri estrukturalaren aldaketa horretan, espainiar estatuan datozen neurriek joera ikusirik, pentsio sistema publikoa ziurtatzeko, eredua eraldatu behar da. Horretarako, pentsio sistema publiko propioa eta Euskal Herriarentzat gizarte segurantzarako lege propioa beharrezkoak ditugu. Bide horretan, erreforma fiskal progresibo integrala, pentsio eta lan erreformen deuseztea eta zerbitzu publikoak benetan indartzea dira lehentasunezko oinarriak. Horiek gabe nekez egongo da aldaketarik.

Ilusio faltsuak alboratu ditzagun eta gauza bakoitzari behar den moduan deitu diezaiogun. Basoa begiratu dezagun. Horretarako ezinbestekoa da, orain arte bezala, ibilbide estrategikoa izango duen, proposamen konkretuak egingo dituen, gaitasun mobilizatzailea eta aliantzetarako filosofia argia izango duen mugimendua sortzea. Euskal Herriko Pentsiodunen mugimendua, zentzu horretan, eredua da bizitza duinen alde eta aberastasunaren banaketa integralaren aldeko militanteontzat. COVID19ak eta krisi ekonomikoak sortutako agertokiak zaila egiten badu ere mugimendu sozial eta sindikalek urtarrilaren 30eko greban abiatu genuen ofentsibarako apustua mantentzea, inoiz baino garrantzitsuagoa da perspektiba hori izatea; datozen erasoei erantzutera mugatzen bagara, ezinezkoa izango zaigu alternatiba oso bat mahai gainean jartzea eta bestela eszenatoki bat eraikitzea. 

Views: 5
Spread the love

Similar Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude