Albiste eta informazio interesgarriak                           2022ko apirilak 9

Interesgarritzat jotzen ditugulako banatzen ditugu pentsiodunen mugimenduko berri hauek

1.- Espainiako Bankuak, CEOEk eta Azpiazu sailburuak soldatak moderatzeko deia egin dute

Martxoko inflazio handiak (%9,8), otsailekoa baina %2,2 handiagoa, eta Funcas-eko (aintzinako Aurrezki Kutxekin lotutako fundazioa) analisten arabera, urte amaieran %6,8ko batez besteko inflaziora iristeko aukera izateak alarma guztiak piztu ditu.

Inflazioa “geldiarazten saiatzeko”, Espainiako Bankuak, CEOEk eta Gasteizko Gobernuko Ogasun sailburu Azpiazu jaunak betiko errezeta bera planteatu dute: soldaten igoera inflazioarekin edo Kontsumoko Prezioen Indizearekin (KPI) ez parekatzea, hau da, soldaten erosteko ahalmena are gehiago murriztea. Eta horrekin batera, pentsioak eta gastu sozialak murriztea proposatu dute Espainiako Bankuak eta CEOEk.

Berritutako hitzarmenen ehunekoa txikia da, eta horietako askok ez dute soldata benetako KPIaren arabera berrikusteko berme-klausularik. Eta hitzarmen gehienak –hitzarmenen bidez babestuta ez dauden langileen kopuru handia ere zenbatu gabe– ez daude eguneratuta eta aspalditik izoztuta daude.

Espainiako Bankuak eta hainbat bankuk egiaztatu dutenez, pertsonen aurrezkiak –pandemian zertxobait hazi zirenak, prebentziorako gutxiago gastatu zelako– murrizten ari dira gaur egun; izan ere, gizartearen zati handi batek bere aurrezki txikiak erabili behar ditu oinarrizko premiak asetzeko, prezioak asko igo direlako eta diru-sarrerak ez direlako hobetu.

Eta, hala eta guztiz ere, zirkuluaren koadratura lortu nahi dute, hau da, kontsumoa handitzea, Estatu espainiarreko Barne Produktu Gordinaren (BPG) %70 osatzen duena. Gobernu gehienek, besteak beste, Madril, Gasteiz eta Iruñekoak babesten –edo borrokatzen ez duten– eredu ekonomiko neoliberal horrek, behin eta berriz krisiak sortzen ditu, eta ematen duten irtenbide bakarra da langileak, pentsiodunak eta mota guztietako herri-sektoreak zanpatzea.

2.- EHPMaren bilera, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailarekin

Asteartean, hilak 5, bilera bat egin zuten Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko (EHPM) ordezkaritza batek Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Saileko sailburuordearekin eta aholkulari batekin. Bileraren helburua honako gaiei buruzko informazioa biltzea zen: BIZITZEKO GUTXIENEKO DIRU SARRERAren (BGDS) transferentziari buruz, iaz aurkeztutako DIRU SARRERAK BERMATZEKO ERRENTARI (DSBE) BURUZKO LEGE AURREPROIEKTUAren egoerari buruz eta Legebiltzarrean aurkeztutako BALDINTZARIK GABEKO OINARRIZKO ERRENTAri buruzko Herri Ekimen Legegileari buruz.

Pentsiodunen ordezkaritzak egindako aurkezpenarekin hasi zen bilera, non gizarteko sektore garrantzitsu bat jasaten ari den prekarietate eta miseria egoera azpimarratu zen. Horren barruan, Euskal Autonomia Erkidegoan, 72.344 pentsiodun daude –gehienak emakumeak–. Pobrezia larrian bizi dira, hilean 458 euro baino gutxiagoko diru-sarrerekin (urtean, 6.412); beraz, gutxieneko pentsioak osatzeko premia larria ikusten da.

Gai horri seriotasunez heltzeko, Eusko Legebiltzarrean PONENTZIA bat sortzea proposatu zuten, osagarri hori bere gain hartzeko eta aitortzeko; gutxieneko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) erreferentziatzat hartzea, zeina EUROPAKO KARTA SOZIALAK batez besteko soldataren %60an kokatzen duen. Argi utzi zen EHPMak ezinbestekotzat jotzen duela 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, gutxieneko bizitza duina bermatu ahal izateko, pentsioetan dagoen genero-arrakala arintzeko eta banakako pentsiodunari aitortua izateko, bizikidetza-unitatearen kontzeptua edozein dela ere. Planteatutako proposamenei eta galderei emandako erantzunak, laburbilduta:

BIZITZEKO GUTXIENEKO DIRU SARRERA. Osorik transferitu da EAEra, eta Eusko Jaurlaritzak ordainduko du hasieran. Gero, Eusko Jaurlaritzak %6,4ko kupotik kenduko du zenbateko hori, hau da, 188,5 milioi euro aurten.

DIRU-SARRERAK BERMATZEKO ETA GIZARTERATZEKO EUSKAL SISTEMAREN LEGE-AURREPROIEKTUA. Nahitaezko txosten baten zain dago, EUSKADIKO AHOLKULARITZA BATZORDE JURIDIKOAk egin behar duena. Ondoren, Gobernu Kontseiluaren esku geratuko da. Eta a posteriori Legebiltzarraren eskuetan jarriko da, ziur aski maiatzean.

Lege Aurreproiektuarekin batera, Memoria Ekonomikoa dago, eta, horren barruan, BGDSren transferentzia ekonomikoa jasotzen da. Aurreproiektuaren zirriborroa oraindik ezin zaie talde parlamentarioei pasatu. Baina Memoria Ekonomikoa Eusko Jaurlaritzaren webgunean dago eskegita, eta bertan eskura daiteke.

DSBE proiektu berriak ez du LGSri buruzko aipamenik egiten. Aurreproiektuaren arabera, gutxieneko pentsioen osagarria 934,09 eurokoa izango da, 12 ordainsaritan, hau da, 800,64 eurokoa, 14 ordainsaritan. Beraz, 1.000 eurotan dagoen egungo LGS baino 199,36 euro gutxiago hilean (2.791,04 euro gutxiago urtean). Aurten LGS zertxobait igotzen bada, aldea are handiagoa izango da. Bestalde, ez BGDSren 188 milioi euroko “aurrezpenaren” zati bat, ezta gobernuak duen ia 1.900 milioi euroko soberakina ere, ez dira pentsiodunen gutxieneko pentsioaren osagarriaren zenbateko hori hobetzeko erabiliko.

3.- Enplegu Pentsioen Planak Sustatzeko Lege Proiektuaren salaketa, Madrilgo Kongresuaren aurrean

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren ordezkariek eta Estatuko gainerako Herri eta Erkidegoetako plataformen eta pentsiodunen mugimenduen ordezkariek, prentsaurreko bateratua eman zuten asteazkenean Madrilgo Kongresuaren aurrean. Helburua zen Enplegu Pentsioen Planak Sustatzeko Lege Aurreproiektua salatzea eta bertan behera uzteko eskaera egitea. ERC, EH Bildu, BNG, Más País-Equo, Compromis, CUP eta Unidas Podemos-en hainbat diputatuekin batera agertu ziren. COESPE pentsiodunen plataformak deitutako dozenaka pentsiodunekin ere bat egin zuten.

Hedabideen aurrean adierazi zuten lege-proiektu horrek pentsio publikoak pobretu eta pribatizazioari atea irekitzen diola; ekarpen sozialen zati bat kapitalizazio-sistema pribatu indibidualista bati emango zaiola, zeinak kanpoan utziko dituen egoera ahulenean dauden eta lan prekarioak dituzten biztanle-geruza zabalak, bereziki emakumeak; eta pentsio-funts horiek bultzatzeko erabiliko diren baliabide publikoak hobeto erabiliko liratekela banaketa-sistema publikoa indartzen eta hobetzen, emaitza sozialki bidezkoagoak lortuz.

Amaitzeko, honakoa azpimarratu zuten: Kongresuko talde politikoei berriro exijitzen diegu, eskura dituzten tresnen bidez, Lege Proiektuari eman beharreko bultzada indarrik gabe utz dezatela. Bertan zeuden alderdietako diputatuek adierazi zuten beren zuzenketak defendatuko dituztela, eta horietako batzuk onartuz gero, Lege Proiektuko zenbait proposamen nagusi indarrik gabe utziko dituztela.

4.- Amazon-eko lehen sindikatua eratu da Amerikako Estatu Batuetan

Amazon-ek Amerikako Estatu Batuetan (AEB) dituen lantegietan (Connecticut, Virginia eta Alabama) sindikatuak sortzeko hainbat saio egin ondoren (enpresa zuzendaritzaren presioek eta manipulazioek boikotatu eta eragotzi zituzten), langileek lortu dute AEBetako Amazon-eko lehen sindikatua eratzea, New Yorkeko biltegi batean. Ez da batere erraza izan, herrialde horretan onartua eta legeztatua izateko legezko zailtasunak oso handiak baitira. Bozketara aurkeztu ziren 4.785 abaldunetato bozka-paperetatik 2.654 lortu behar izan dituzte sindikatua osatu ahal izateko, Amazon-eko Langileen Sindikatua izena hartu duena. 

Garaipen historikoa da internet bidezko merkataritzaren enpresa multinazional honetan, milioi bat langile baino gehiago dituen AEBetako bigarren enpresa garrantzitsuena. Eta ez da soilik Amazon-eko beste lantegi batzuetan erakunde sindikalak sortu ahal izateko erreferentzia sinesgarri eta motibatzailea, baizik eta garrantzi handiko sinbolo sindikala Ipar Amerikako langileentzat, beren lan-eskubideen defentsaren aldeko borrokan.

Estatu Batuetako gizartearen kultura indibidualismoz blai dago, atera zuk bakarrik zure bizimodua, prestigio eta gizarte-aitorpeneko etorkizun ekonomikoa sortzeko ametsak lortzeko. Ez da kasualitatea sektore pribatuko langileen %6,1 bakarrik egotea sindikaturen batean afiliatuta, are gehiago korporatibismoko eta burokrazia sindikal jakin batzuen interes pribatuetako esperientziak bizi dituztenean. Baina AEBetako krisi soziala oso handia da (lan-baldintzen murrizketak, pentsioen, osasunaren, hezkuntzaren… pribatizazioa), eta dozenaka milioi pertsonara zabaltzen da; izan ere, nahiz eta, hein handi batean, migratzaileak eta gutxiengo arrazalizatuetako pertsonak izan, langile zuriei ere eragiten diete. Krisiaren eta gizartearen atsekabearen edo frustrazioaren datu esanguratsua da protesta egiteko nolabaiteko kontzientzia izatea, eta gaur egun herritarren %63k sindikatuen lana onartzen du edo interes handiz ikusten du.

Amazon-en lan-baldintzak mundu osoan, Estatu Batuetan barne, negargarriak eta errepresiboak dira. Kontrol oso zorrotzak lanpostutik mugitu ez zaitezen, soldata baxuak eta prekarietatea, laneko segurtasun falta, kaleratzeak nahi bezala, sindikatuetako kide izateari erabateko arbuioa, langile autonomoekin lanak kanpora ateratzea, etab. Bilboko Ezkerraldean Amazon-ek duen lantegia horren adibidea da, non lan eta sindikatu arloko borroka eta protesta oso baldintza zailetan egin behar den.

5.- Gasteizko Gobernuarentzat, adinekoak zaintzea ez da lehentasuna

Joan den astean, Urkullu lehendakariak eta hiru Ahaldun Nagusiek Euskadiko Inbertsio Estrategikoen 2022-2024 Plana aurkeztu zuten, eta, berriro ere, Eusko Jaurlaritzak argi utzi zuen adinekoen zaintza eta herritarren osasuna ez direla bere lehentasuna.

Osasuna.- 17 milioi euro inbertituko dituzte, batez ere ikerketarako. Gai hori interesgarria da, baina oso deigarria da Osakidetzan langile gehiago kontratatzeko beharrik ez aipatzea, sindikatu guztiek lehen mailako eskaeratzat dutenean, herritar guztiei arreta egokia eskaini ahal izateko.

Zaintzak.- Araban, milioi bat baino ez dute erabiliko egoitza-zentroak pertsona ardatz hartuko duten bizikidetza-ereduetara egokitzeko, eta 100.000 euro Bizkaian, Eskualdeko Zainketa Zentroak sortzeko.

Digitalizazioa.- 21 milioi inbertituko dituzte. Helburuen artean zehazten dute zerbitzu digitalen bidez biztanleriaren zahartzean autonomia eta osasuna sustatzeko balioko duela, eta, aldi berean, osasun-arretaren kostuak murriztuko dituela. Bizkaiko Foru Aldundia ideia hori gauzatzen ari da dagoeneko EtxeTIC zentroen bidez. Mendekotasuna duen pertsona etxean dago, eta zentrotik monitorizatzen dute. Hori ez da zaintzea. Zaintzak, eta are gehiago pertsona erdigunean jarri nahi bada, lan-baldintza duinak dituzten pertsonak menpeko pertsonak zaintzen egotea eskatzen du.

Gasteizko Gobernuak ez du zaintza lehen mailako premiatzat hartzen, izaera estrategikoa duena, osasun-kostuak murriztea baino ez zaio interesatzen. Pentsiodunen Mugimenduak eskatzen jarraituko du zaintza-lana ez dadila emakumeen gain soilik egon, eta inbertsio publikoa egon dadila osasun- eta zaintza-sistema publikoa eta kalitatezkoa bermatzeko, ez Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiek emandako apurrak.

6.- Greba eta mobilizazioak EAEko Lehen Mailako Arretan

Atzo, apirilaren 8an, ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta Satse sindikatuek deitutako lehenengo greba egin zen, Lehen Mailako Arreta ardatz hartuta. Maiatzaren 16an, bigarrena egingo da, ospitale-sare osoan eta Osakidetzako osasun mentaleko zentroetan. Arrazoia: Gasteizko Gobernuko Osasun Sailak etengabe uko egiten dio “erabateko immobilismoa eta negoziatzeko borondaterik eza” alde batera uzteari, Osakidetzak urte luzetan izan dituen eta pandemiaren garaian (oraindik gure artean dagoena, nahiz eta intentsitate txikiagoan) areagotu egin diren arazo larriak konpontzen saiatzeko. 

Grebarekin batera manifestazioak egin ziren Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazio horiei babesa eman zien beste behin ere –sektore soziosanitarioan sustatzen diren mobilizazioei bezala– eta presentzia handia izan zuten manifestazioetan.

7.- Korrika bihar amaituko da Donostian

Euskal Herri osoa zeharkatu ondoren, egunez eta gauez tipi-tapa, euria, hotza, elurra eta batzuetan eguzkipean, Korrikak bere 22. edizioa amaituko du bihar Donostian. Korrikari eta euskarari bere ibilbide osoan emandako babesa jendetsua eta arrakastatsua izan da, bai hiriburuetan, bai herrietan, baita Nafarroako Erriberan edo Iparraldean ere. Haurrek eta gazteek lehen mailako protagonismoa eta presentzia izan dute, emakume eta gizon helduak, baita adinekoak ere, gutxietsi gabe.

Korrikaren ondoren, erronkak gizarteko arlo guztietan euskararen erabilera sustatzea eta bultzatzea izaten jarraitzen du. Baina instituzioei dagokie neurri politiko eta legalak bultzatzea eta laguntza ekonomikoa ematea, euskararen bazterketa geldiarazteko, hezkuntza-arlo guztietan euskara sustatu eta bultzatzeko, gizartearen maila guztietako irakaskuntzan izaera publikoa eta doakoa izan dadin bermatzeko, eta, Hego Euskal Herriko bi erkidego autonomikoetan eta Iparraldeko Mankomunitatean, euskara baztertu eta bigarren mailan jartzen duten traba legal eta ekonomikoak eragozteko. Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduko lagun taldeak modu aktiboan parte hartzen ari dira Korrikan. Orain pentsiodunoi tokatzen zaigu gure eguneroko bizitzan, kontzentrazioetan, manifestazioetan, komunikazioetan eta buletinetan, euskararen presentzia soziala areagotzeko ahalegin handiagoa egitea.

8.- Bilerak Gasteizko Legebiltzarra osatzen duten talde politikoekin

Ostegunean eta ostiralean, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduko ordezkariek bilerak izan dituzte Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoekin. Helburua izan da EAEko Legebiltzarrean Ponentzia Politiko baten beharra planteatzea, gutxieneko pentsio publiko eta banakakoa, gaur egun 1.080 eurokoan kokatua, aztertu eta aitortzea ahalbidetuko duena. Pentsiodunen mugimenduak, izandako jarrerei eta emandako erantzunei buruzko balorazio lasaia egin ondoren, hurrengo albistegi batean emango dugu horren berri.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *