Albiste eta informazio interesgarriak          2022ko uriak 1

Interesgarritzat jotzen ditugulako banatzen ditugu pentsiodunen mugimenduaren berri hauek

1.- Pentsiodunen protestak bankuen eta hainbat erakunderen aurrean

Joan den astelehenean milaka pentsiodun kalera atera ziren Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lau hiriburuetan eta 70 bat herritan. Elkarretaratzeak eta manifestazioak egin ziren bankuen eta zenbait erakunderen aurrean, horien artean, Gasteizen, Udalaren eta Batzar Nagusien aurrean, Bilbon, EUDELen (EAEko Udalen Elkartea) aurrean, Donostian, Foru Aldundiaren aurrean, eta Iruñean, NUKFen (Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa) aurrean. Bilbokoa izan zen handiena, 650 pentsiodun bildu baitzituen.

Banketxeetako arduradunei gutun bat eman zitzaien, herritar guztiek, batez ere adinekoek eta pentsiodunok, jasaten ari garen murrizketen eta arazoen inguruko kexak laburbilduz eta banku garrantzitsuenen zuzendaritzekin elkarrizketak eskatuz. Aipatutako erakundeei antzeko gutun bat ere eman zitzaien, bankuen murrizketak, azken bi urteetan izan ditugun gizarte-protestak eta harremanak eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako mozioari babesa eman zioten udalak zehazten zituen txosten zabal batekin batera.

Egunotan, hiru udal berrik bat egin dute babes horrekin, eta 124 udal dira dagoeneko, Hego Euskal Herriko biztanleriaren % 30 baino zertxobait gehiago ordezkatzen dutelarik. Murrizketa eta arazo horiek ez ahazteko eta bankuek beren jarrera zital horiei eutsi ez diezaieten, ekimen berriak aurreikusi ditugu. Banku batzuetan harrera adeitsua izan zen formalki, Kutxabankeko sukurtsal batzuen kasuan izan ezik; izan ere, sukurtsal horietako arduradunek jarrera prepotenteak hartu zituzten, eta horietakoren batek Ertzaintzari deitzeko mehatxua ere egin zuen, banketxetik berehala ateratzen ez baziren.

2.- Gaur, urriak 1, Adinekoen Nazioarteko Eguna

Milaka euskal pentsiodun kalean izango gara gaur ere, lau hiriburuetan eta hegoaldeko zenbait eskualdetan, manifestazioak eginez. Bilbon, Gasteizen eta Donostian egoiliarren senideen elkarteekin batera egingo ditugu mobilizazioak. Iruñean, Mayores Frente a la Crisis Plataformaren ondoan. Mobilizazioen goiburu nagusia hauxe izango da: “Adinak ez ditu eskubideak ezabatzen”. Eta manifestazioen amaieran irakurriko diren manifestuek jasoko dituzte adinekoei arreta eta zaintza emateko kalitatezko zerbitzu publikoen beharra eta eskakizuna, pentsio publiko duinen beharra, horien artean 1.080 euroko gutxienekoa, eta azpimarratuko da duintasuna dugun pertsonak garela eta gizarteko gainerako pertsonen eskubide eta errespetu berberak merezi ditugula.

4.- EAEk 653 erizain gehiago behar ditu Europako batez bestekora iristeko

Europako batez bestekoa, 100.000 biztanleko 827 erizainekoa da. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 797koa da. Nafarroan, ordea, 926koa da, Europako batez bestekoaren gainetik.

EAEn 17.341 erizain daude kolegiatuta. Europako batez besteko ehunekora iristeko, beste 653 erizain beharko lirateke. Baina ratio edo proportzio hori ez betetzeko arrazoia ez da erizainik ez dagoela, baizik eta erizain asko beste herrialde batzuetara –bereziki, Europako iparraldera– joaten direla lan egitera, kanpoan soldata eta lan baldintza hobeak dituztelako. Kalkuluen arabera, ehunka euskal erizain eta Estatu espainiarreko 15.000 inguru daude beste herrialde batzuetan arrazoi horiengatik.

Erizain faltarekin gertatzen den bezala, medikuekin ere antzekoa gertatzen da, mediku gehienak osasun pribatura joaten ari baitira, eta beste batzuk beste herrialde batzuetara. Osakidetzako sindikatuek egoera hau salatu dute, eta konponbideak eskatu dituzte egungo hondatzeak okerrera egin ez dezan. Baina badirudi Osakidetzako zuzendaritzari eta EAEko Gobernuari bost axola zaiela, hori bai, osasun pribatuari mesede eginez.

5.- Osasunbideak 350 langile kaleratu ditu

LAB sindikatuak irailaren 23an salatu zuen Nafarroako Osasunbideak (EAEko Osakidetzaren antzeko osasun-zerbitzu publikoa) 350 langile kaleratu zituela. Eta adierazi zuen hori “Osasun Sailaren kudeaketa kaskarraren eta Nafarroako Gobernuak osasun publikoarekin eta herritarrekin duen konpromiso ezaren ondorio zela, osasun-profesionalen kopuru onartezina utziz, arretaren kalitatea eta langileen eskubideak inola ere bermatzen ez dituena”.

Kaleratutako langileak berriz hartzea eta sortzen ari den jarduera zorrotz kontrolatzea eskatzen du. Atzo, irailak 30, iragarri zituen mobilizazioak izango zirela Iruñean, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko kanpo-kontsultetan, eta baita Lizarrako Garcia Orcoyen eta Tuterako Reina Sofía Ospitaletakoetan.

6.- Bihotzeko Kirurgia Basurtutik Gurutzetara eramatearen aurkako mobilizazioek jarraitzen dute

Atzo, ostiralean, beste elkarretaratze eta manifestazio bat egin zen, 12:00etan, kanpo-kontsultetatik Basurtuko Ospitaleko ate nagusiraino. Ospitaleko Enpresa Batzordeak eta Basurtu Bizirik plataformak deituta, Basurtu auzoko ehunka pertsona, langile eta Pentsiodunen Bilboko Mugimenduko hainbat kide bildu ziren berriro. Protestak berriro hasi zirenetik hirugarren ostirala da jarraian, eta jarraitzeko asmoa dute, ez baitago soilik Bihotzeko Kirurgiaren lekualdatzearen arazoa, baita ospitaleko beste zerbitzu batzuk desegiteko arriskua ere.

7.- Beste greba egun bat Arabako egoitza pribatuetan

Denbora daramate mobilizazioak egiten eta greba batzuk bultzatzen. ACRA patronalak “soldatak hobetzeko konpromisoa adierazi du, eta sindikatuei eskatu die negoziatzeko prest agertzea”. Baina sindikatuen eta patronalaren arteko desadostasunen ondorioz, ELAk eta LABek beste greba-egun bat deitu zuten asteazkenean, hilaren 28an, “negoziazio-mahaia suspertzeko eta geriatrikoetako langile guztien lan-baldintzak eta, ondorioz, erabiltzaileei ematen zaien zerbitzua, hobetzeko”.

8.- BENETAKO ospitalea nahi dugu! OHEAK ORAIN!

Gernikako ospitalea 2012ko abenduan ireki zen. Hamar urte geroago, hirugarren solairua, non 72 ohe egon beharko ziren, hutsik dago oraindik. 57.000 biztanle artatzen ditu, 65 urtetik gorako 13.403 eta 519 pertsona patologia anitzeko gaixoak dira. Azken hauek profesional adituek eskaintzen duten arreta gehien behar duen taldea da, tratamenduetan duten desorekaren ondorioz. Eta horregatik behar dute azpiakutuen (kronikoen) ospitale bat, Urdaibaiko eskualdean existitzen ez dena, pazienteak eta haien familiak Urdulizko edo Santa Marinako ospitaleetara joan behar ez izateko.

Urteetako borroka luzea da Gernikan daramatena. Uda aurretik egin zituzten protestei jarraipena emateko, datorren astelehenean elkarretaratzea egingo dute Foruen plazan, 12:00etan, pentsiodunen kontzentrazioa aprobetxatuz. Elkarretaratze horrekin bat egingo dute Ospitaleko Plataformak eta hainbat gizarte-eragilek. Horien artean daude ospitaleko sindikatu guztiak eta herriko hainbat kolektibo sozial.

9.- Zergak jaistea: politika eskuindarra eta populista

Zergak jaistea eslogan eta eskari nagusietako bat bihurtu da eskuin eta eskuin muturreko alderdiek kanpainaurrean eta hauteskunde-kanpainetan aurkezten dituzten programetan. Eta emaitza politiko onak ematen dizkie Italian ikusi den bezala, Ingalaterran lehen ministro berriak lehentasunezko neurri gisa proposatu du eta Europako ia herrialde guztietan bide berari jarraitzen diote. Gutxiago ez izateko, PPk, Voxek eta konpainiak bete-betean ekin diote zergen jaitsieraren bertuteak aldarrikatzeari, eta gobernatzen duten zenbait Autonomia Erkidegotan ere hala egiten ari dira.

Mundu guztiarentzat tentagarria da zerga gutxiago ordaindu beharra eta, horrela, banaka diru garbi pixka bat gehiago izatea. Eta horretan oinarritzen dira PP eta Vox, modu populista eta demagogikoan botoak irabazi eta hurrengo hauteskundeetan boterera iristeko asmoz. Bere proposamenaren arazo nagusi eta zinikoa da zergen jaitsiera bereziki aberatsentzat edo errenta altuentzat dela. Bost axola zaie diru-kutxa publikoetako diru-sarrerek behera egitea eta, ondorioz, “gastu” sozialak murriztea, langile- eta herri-klaseetako bizi-baldintzak are gehiago prekarizatzea, batez ere sektore behartsuenetakoak eta kalteberenak, haien pobrezia are gehiago areagotuz.

PPk, Voxen babesarekin, Madrilez gain, Andaluzian eta Murtzian jarri dute martxan Ondarearen gaineko Zerga kentzea. Eta PFEZaren deflaktazioa prestatzen ari dira (zerga horren taulak inflazioaren ehuneko batekin egokitzea), horrela hainbeste ordaindu ez dadin. Kontua da, neurri horien bidez, ondarea dutenek ezer ez ordaintzea eta errenta altuek PFEZ txikiagoa ordaintzea baino ez dutela bilatzen, bankuen eta enpresa elektriko, energetiko eta gainerakoen gaineko aldi baterako zergen aurka agertzen diren bezala. Argi eta garbi: aberatsek gutxiago ordain dezatela, etekin, diru-sarrera edo aberastasun eskandalagarriak izan arren.

10.- EAJ, PSEren babesaz, deflaktazioarekin hasi da ikasturtea

Lehenik eta behin, 1,5ekin, eta horri 4 gehitu zitzaion gero, 5,5 lortuz. Iturri batzuen arabera, 2023rako Urkulluk hartutako konpromisoa da PFEZ azpiko inflazioaren antzeko portzentajean deflaktatzea. 

Neurri hori justifikatzen saiatzen dira, “errenta baxuenen alde egiten duela” argudiatuz. Baina horrek ez du zerikusirik errealitatearekin. Errenta-aitorpen guztietan modu linealean aplikatzean, onuradun handienak errenta altuak edo oso altuak dituztenak dira, neurri txikiagoan ertainekoak dituztenak eta gutxian edo ezertan ez errenta baxuak dituztenak. Ez da kasualitatea EAEko Foru Ogasunek 192 milioi euro inguru ez direla sartuko bakarrik aipatzea, baina jakinarazi gabe aitortutako errenta bakoitzerako zein izango den zerga-murrizketaren benetako ehunekoa, ezta kotizazio-tarteen arteko alderaketa bat egitea ere.

EAEn 176.254 pentsiodun daude urtean 14.000 eurotik beherako pentsioekin. Nafarroan, 52.053. Batuta, Hego Euskal Herrian, 222.259. 10etik 8 pasatxo emakumeak dira. EAEn, pentsiodun horiek, hileko 1.000 eurotik beherako diru-sarrerak edo urteko 14.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten langile askok bezala, ez dute PFEZaren aitorpena egin behar. Beraz, deflaktazio mota horrek ez du inolako onurarik ekarriko. Eta ez hori bakarrik, urtean 30.000 euro baino gutxiagoko errentak edukitzen dutenek, PFEZn kenkari berezia izango dute, 200 euroetakoa, baina errenta-aitorpena egin behar ez dutenek, 200 euro horietatik ez dute ezer ikusiko. Deflaktazio horrek errenta txikienei mesede egingo dietela esatea gezur hutsa da, eta baita pentsiodunen eta langileen inteligentzia iraintzea ere.

11.- Zerga-erreforma sakon, aurrerakoi eta birbanatzailearen beharra

Partxeen eta positiboak eta birbanatzaileak diruditen baina guztiz kontrakoak diren neurrien ordez, gero eta premiazkoagoa eta beharrezkoagoa da eztabaida bat zabaltzea eta sakoneko zerga-erreformarako neurriak premiaz hartzea, gehien irabazten dutenek eta gehien dutenek gehiago ordain dezaten, kapital-errenten aldeko tratuarekin amai dadin, horien zerga-tasak lan-errentei aplikatzen zaizkienen erdia baitira, eta galaraz daitezen oso aberatsek eta enpresa handiek egiten dituzten zerga-elusioa eta iruzurra, kenkari ugarien trikimailuen, ondare-sozietateen eta zerga-paradisuen bidez. Eta horrela, kutxa publikoen diru-sarrerak handituko dira.

Era horretan bakarrik egin daiteke aberastasunaren birbanaketa eta eskubide sozialen eta zerbitzu publikoen aldeko politika, egungo egoera ekonomiko eta sozialean, bai Euskal Herrian, bai Europan eta baita mundu mailan ere, are gehiago larritzen gaituzten beharrizan sozialak modu serio eta arduratsuan arindu ahal izateko. Gasteizko Gobernuko Ogasuneko sailburu Azpiazu jaunak betikoa esan digu: “Ez da eztabaidatzeko eta zerga-erreformarako neurri garrantzitsuak hartzeko unea”. Bitartean, isilean, deskribatu ditugun bezalako neurri erregresiboak aplikatzen dituzte.

12.- Erromoko Nagusien Etxea eraistearen aurka. Urriaren 6an manifestazioa egingo da 20:00etan, Santa Eugenia plazatik abiatuta, “Inposaketarik EZ” eta “Eraisketarik EZ” lelo pean.

Barreen argazkia

13.- Elgoibarko 24/7 Plataformak hileko azken asteazkeneko mobilizazioei ekin die berriro. Horrenbestez, hilaren 28an, 12:00etan, elkarretaratzea egin zuten anbulatorioaren aurrean, arreta publikoko zentro bat izan dadila eskatzeko, larrialdi-zerbitzu iraunkor eta kalitatezkoa izanik. Horrela balitz, astelehenetik ostiralera 17:30etik aurrera edo asteburuetan, osasun-larrialdiren bat badute, artatuak izateko, ez lukete Eibarrera edo Mendarora joan beharrik izango.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *