Albiste eta informazio interesgarriak 2020ko maiatzak 2

Albiste eta informazio interesgarriak 2020ko maiatzak 2

  1. – Apirilak 28, Laneko Osasunaren eta Segurtasunaren aldeko Nazioarteko Eguna

Joan den asteartean, Lan Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko Eguna izan zen. Milioika langile hiltzen dira urtero munduan, horien artean haur asko, jasan behar izaten dituzten ingurumen- eta lan-baldintzengatik. Eta hirugarren mundua deritzon herrialdeetan edo gutxien garatutakoetan hilkortasun handiena gertatzen den arren, herrialde garatuetan ere, Euskal Herrian bezala, langile asko hiltzen dira beren lanpostuetan edo lanpostura joan-etorrian.

Euskal Herrian hamarnaka dira urtero hiltzen direnak, eta ehunka asko bizitza osorako elbarrituta geratzen direnak. Prebentziorako bitartekorik eza eta langile askoren prekarietatea eta behin-behinekotasuna, patronalaren zikoizkeriak eta berak ahalik eta etekin handienak lortzeak eragindakoak, dira langile asko etxetik lanera irtetearen eta gero ez itzultzearen arrazoia. Hor ditugu oraindik Zaldibarreko zabortegian lurperatutako bi langile, segurtasun-baldintza egokirik gabeko zabortegi pribatua, zabortegi publikoen zein pribatuen ardura duten erakundeen nahitaezko eta ezinbesteko kontroletik kanpo egon dena.

Laneko osasunaren eta segurtasunaren aldeko eguneroko borroka oso garrantzitsua da; lehenik eta behin, sindikatuei dagokiena, patronalak prebentzioan eta segurtasunean gastuak murrizteko eta, horrela, bere irabazi-tasa handitzeko duen kezka esklusiboari aurre eginez.

  1. – Maiatzaren 1a, Langile Klasearen Nazioarteko Eguna

Egun horretan oroitzen da, 1886an, Chicagon eta AEBetako beste hiri batzuetan, 350.000 langilek hasitako protestaren data, 8 orduko lanaldia eskatzeko, ordura arte jasaten ari ziren 10 edo 14 orduen aurrean. Borroka oso gogorra izan zen, lantegi askotan grebak izan ziren, eta maiatzaren 3tik 4ra bitartean bortizki erreprimitu zuten, dozenaka langile hil eta milaka kaleratu, atxilotu eta torturatu baitzituzten. Errepresioak, 7 anarkisten heriotza zigorrarekin jarraitu zuen. Grebak hasi zirenetik, baina batez ere maiatzaren amaierarako, ugazaba askok 8 orduko lanaldia onartu zuten.

Urte batzuk geroago, beste herrialde batzuetan hasi zen urtero ospatzen Langile Klasearen Nazioarteko Eguna, ustiatzen eta zapaltzen gaituen sistema kapitalista baten aurrean, oinarrizko aldarrikapenak eskatuz. Sistema kapitalistak kontzesioak egiten ditu soilik langile mugimendu antolatu, mobilizatu eta irmoki bere errebindikazioak hortzez eta haginez defendatzeko prest dagoenarekin topo egiten duenean.

Atzo, Euskal Herrian, koronabirusaren konfinamendua dela eta, ezin izan zen Maiatzaren 1a kalean ospatu,. Baina leiho eta balkoi askotan kartelak, pankartak, banderak… agertu ziren, ezinbestekoak zaizkigun oinarrizko eskaerak azalduz eta aipatuz, are gehiago koronabirusaren pandemiak agerian utzi duen gordintasunaren aurrean.

Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak ere elkartasuna adierazi zuen eta maiatzaren 1ean parte hartu zuen, honako hau azpimarratuz: “Gaur egun, lehentasuna pertsonak erreskatatzeak izan behar du, bizi-baldintza duinak bermatzeko, kalitatezko enplegua sortzeko, zerbitzu publiko unibertsalak, pentsioak eta soldata duinak bultzatzeko eta jarduera ekonomikoa interes komunitarioen zerbitzura jartzeko”.

  1. – Apirilaren 23an, Europa mailan, koronabirusaren ondorioz, egoitzetan hildakoak  55.000 adineko pertsona ziren

Osasun Munduko Erakundearen Europako bulegoko zuzendariak, apirilaren 23an nabarmendu zuen munduan koronabirusak kutsatutako pertsonen kopuru erdia (1.200.000) Europan zegoela. Halaber, Covid-19ren ondorioz Europan hildako 110.000 pertsonetatik erdiak, 55.000, egoitzetan hildako adinekoak ziren.

Estatu guztiei gomendatzen zien egoitzetako adinekoak eta haien zaintzaileak babesteko neurriak har ditzatela. Baina ez zituen salatzen osasun arloko murrizketak, ezta osasungintzaren zati handi baten pribatizazioa ere, Europako herrialde askotan, hildako (egoiliarrak eta zaintzaileak) eta kutsatutako pertsonen kopurua hain handia izatea eragin dutenak.

  1. – Murrizketak osasungintza osoan eta bertan arlo pribatuak duen pisua

Espainiako Estatuan, osasun-inbertsioa Barne Produktu Gordinaren (BPG) %6,8tik (2017an) %6ra (2018an) jaitsi zen. Horrek Europako batez bestekoa baino %1,1 gutxiago suposatzen zuen, hau da, 13.000 milioi euro gutxiago inbertitzea.

Hego Euskal Herrian ere ez gaude suziriak botatzeko moduan. Pertsona bakoitzeko osasun-arloko inbertsioa Estatuko batez bestekoa baino handiagoa da. Baina Euskal Autonomia Erkidegoan, 2009. urtean, osasun-arloko inbertsioa %5,3 izan zen, eta 2018an, berriz, %5,1; hau da, 1.400 milioi euro gutxiago, Europako batez besteko ehunekoa erreferentziatzat hartuta. Nafarroako Foru Erkidegoan, berriz, 2009. urtean inbertsioa BPGaren %5,0koa izan zen, eta 2018an %5,2koa, Europako %7,1arekin alderatuta, portzentaje horri dagozkionak baino 400 milioi euro gutxiago inbertitzea esan nahi zuen. 

Espainiako Estatuan, Osasun publikoa osasun-inbertsio osoaren %70,60 da. Frantzian, berriz, %79,19koa da. Eta Alemanian, %84,58. Espainiako Estatuko osasun-enpresa pribatuak 464 ospitaleren jabeak dira, baina 478 ospitale kudeatzen dituzte, osasun-sare osoko 158.000 oheetatik 50.000 biltzen dituztenak.

Lotsarik gabe adierazi dute osasun pribatua publikoa baino kalitate handiagokoa eta merkeagoa dela. Baina esaten ez digutena da, Osasun Ministaritzaren datuen arabera, 1.000 biztanleko 2,8 erizainek lan egiten dutela publikoan, eta, aldiz, pribatuan, erizain bakarrak. Eta pribatuko profesional gehienek lanaldi luzeagoak, atseden gutxiago eta soldata txarragoak dituztela. Zenbait zentro pribatuk, klase aberatsek bakarrik ordain ditzaketen kostu handiak dituzten zentroek soilik dute nolabaiteko kalitate-maila. Baina ez dezatela esan osasun-arreta pribatuak, oro har, publikoak baino kalitate hobea duenik!

Tristeena da osasun pribatua, neurri handi batean, irabazi handiak besterik lortu nahi ez dituzten multinazional batzuek kontrolatzen duten negozioa izanda, 2017an, EAEn, osasun publikoaren inbertsioaren %6,7 (246 milioi euro) osasun pribatura bideratu zela. Nafarroan, berriz, %6,5 (67 milioi euro).

  1. – Ez dago dirurik! Guztion artean ordaindu behar ditugu koronabirusaren kostuak!

Alderdi politiko, enpresari eta bankari jakin batzuk, dirurik ez dagoela eta koronabirusetik eratorritako kostuei guztiok batera aurre egin behar diegula dioen leloa sozializatzen saiatzen ari dira – hau da, krisia batez ere herri sektoreek ordaindu behar dugula –, beraiek lasai-lasai eta etekinak pilatzen jarraitzen duten bitartean.

Egunotan jakitera eman dutenez, Espainiako Estatuan Burtsan kotizatzen duten enpresek 359.579 milioi euroko dibidenduak banatu zituzten akziodunen artean, 2008tik – urte horretan krisia zabaldu bazen ere – 2019ra arte. Eta hori aktiboen salmentaren bidez izan dituzten diru-sarrerak kontuan hartu gabe eta, jakina, banku pribatuek diru publikoaren injekzioengatik irauten dutela kontuan hartu gabe. Aski da! Banku publikoa bultzatu behar da, eta diru publikoa jasotzen duten banku pribatuetan esku hartu eta publiko egin.

  1. – Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren ekimenak

Astelehenero, kartelak, zapiak eta banderolak jartzen jarraituko dugu, gero, eskualde batzuetan ikusgai jartzen direnak, bideoen bidez. Halaber, eguneroko komunikazioa eta informazioa partekatuko dugu ahalik eta pentsiodun gehienekin eta komunikabideekin, krisi sanitario, sozial eta ekonomikoko egoera honetan eragiten digun guztiari buruzko gure iritziak eta proposamenak plazaratuz.

Duela egun batzuk, Gasteizko eta Iruñeko gobernuei eta EAEko hiru Aldundietako ahaldun nagusiei gutun bana bidali genien, egoitzetako adinekoen arretan izaten ari diren arazo larriak azaltzeko, bai eta beren etxeetan mendekotasun-egoeran daudenen eta zerbitzu soziosanitarioekin zerikusia duten guztien arretari dagozkienak ere. Bizitzen ari garen errealitate latzari buruzko datuak jendaurrean eman ditzatela planteatu zaie, eta haiekin biltzeko eskatu diegu, arazo horiei alternatibak eta irtenbideak emateko.

Halaber, pentsiodunen mugimenduko lan-batzordeek egindako txosten bana helarazi zaie ekintzaile pentsiodun askori. Lehenengoa, Moncloako Itunen analisiari eta balantzeari buruzkoa. Bigarrena, aurre egin behar diogun egoera sozial eta politikoari buruz eta Estatuko, EAEko eta Nafarroako gobernuek, pentsiodunen eta gehiengo sozial eta herritarraren beharrei erantzuteko, hartu behar dituzten neurriei buruzkoa. Dokumentu interesgarriak dira, eta interesatzen zaizkien guztien eskura daude.

  1. – Espainiako aurreztaile asko Luxenburgoko, Suitzako eta beste herrialde batzuetako bankuetara ihesean.

Koalizioko gobernuak, koronabirusaren pandemiak irekitako egoera kritikoaren aurrean, bere aurrezkien zati bat “konfiskatu” ahal izateko arriskua dagoeneko aitzakiaz, Espainiako Estatuko milaka “aurreztaile”, horietako asko beren burua “benetako abertzale espainiartzat” dutenek, beren kapitalak eta aurrezkiak Luxenburgoko, Suitzako eta beste herrialde batzuetako bankuetan gordetzea erabaki dute. “Ihes egindako” 10.000 milioi euro inguru kalkulatu dira

Banketxe horietako iturrien arabera, martxoan transferentzia horiek hirukoiztu egin ziren, eta horiek handitzen jarraitzea espero dute. “Aurreztaile” horien aholkulariek argudiatzen dute ez dutela zergak saihesteko egiten, ezta paradisu fiskaletan kapitalak ezkutatzeko erabiltzen diren sozietate instrumentalez baliatzeko ere, mundu guztiak dakienean banku luxenburgotarrak eta suitzarrak benetako liderrak direla negozio eta maneiu horietan.

Gobernu zentralak eta autonomietakoek, gure kasuan Gasteizkoak eta Iruñekoak, neurri zorrotzak hartu beharko lituzkete kapitalen ihesak eragozteko eta dagokiena ordaindu dezaten bultzatzeko, are gehiago diru-sarrera eta aurrezki handiak dituztenean eta egungo gizarte-beharrak oso handiak direnean eta aurreikusteko zaila den denboraz horrela iraungo dutenean.

  1. – 70 urtetik gorakoak kalera irten daitezke

Pentsiodunen eta adineko pertsonen elkarte guztiek konfinamendu diskriminatzaile baten arriskuari egindako kritiken ondoren, kalera irten ahal izango dira paseatzera. Bakarrik edo beste bizikide bakar batekin irten ahalko dira, 10:00etatik 12:00etara edo 19:00etatik 20:00etara, etxetik gehienez kilometro batera.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *