Albiste eta informazio interesgarriak 2021eko abenduak 11

1.- Urtarrilaren 15a, Pentsiodunen Mugimenduaren Sorreraren IV. Urteurrena prestatzen

Aurreko astelehenean jai ofiziala izan bazen ere, Iruñean eta Hego Euskal Herriko 14 herritan eutsi egin zitzaien pentsiodunen mugimenduko kontzentrazioei. Etzi, astelehenero bezala, lau hiriburuetan eta 65 bat herritan bilduko gara. Eta abenduan zehar leku askotan kontzentrazioekin eta bestelako ekimenekin jarraituko dugu.

Baina, hurrengo fase honetan, protesta egun garrantzitsuena datorren urtarrilaren 15a izango da, egun horretan, duela lau urte, hasi baikenituen gure mobilizazioak. Borroka eta erresistentzia horren ondorioz, hobekuntza batzuk lortu genituen: praktikan %0,25 baliogabetzea eta 2018 eta 2019 urteetan Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI) baino apur bat gehiago igotzea eta 2020an KPIa igotzea; gutxieneko pentsioek ehuneko handixeagoa igotzea; edo alarguntza-pentsioa kalkulatzeko koefizientea azkenean %60ra igotzea.

Baina Kongresuak pentsioen erreformaren lehen zatia onartzearen ondorioz, atzerakada berri bat ezagutuko dugu, gelditzen ez badugu, aurten kotizaziopeko pentsio arruntek %3,1 galduko baitute.

Ezin dugu eta ez dugu onartu behar. Hori dela eta, datozen asteetan eta batez ere urtarrilaren 15ean, pentsioen lehen zatiaren lege-proiektu osoaren salaketa eta kritikarekin batera, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak aurtengo KPIa (%5,6koa) errespetatu eta aplikatu behar dutela azpimarratuko du, bai atzeraeraginezko ordainsaritxoa kobratzeko, bai gure pentsioak abenduaren 31n eguneratzeko. Era berean, 1.080ko gutxieneko pentsioa exijitzen jarraituko dugu, gutxieneko duintasunez bizi ahal izateko.

Urtarrilaren 15ean, larunbata, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako kaleak berriro bete nahi ditugu. Eta hainbat ekimen partekatu ditugun sindikatu eta gizarte-kolektibo guztiei mobilizazioarekin bat egiteko gonbita luzatuko diegu, gure pentsioak jokoan baitaude, baita hurrengo belaunaldietakoak ere, are larriago, eta lan-erreformak ez baititu kalitatezko enpleguak eta soldatak bermatuko; beraz, jardunean dauden langileen pentsioen etorkizuna, gazteena bereziki, larriagotu egingo da, erretiro hartzean, miseriazko pentsioak jasoko baitituzte.

Behin eta berriz, jendea banakako, enpresako edo sektoreko pentsio-funts pribatuetan izena ematera bultzatu nahi dute, pentsio publiko txikien osagarri txiki bat bermatzeko eta aseguru-etxeek, bankuek, eta gainerakoek funts horiekin jolas dezaten, justifikaziorik gabeko onura itzelak lortzeko.

2.- Pentsioen galera, errebalorizazio-indize berriaren ondorioz (II)

Oraindik ez da publiko egin –ezta sindikatu sinatzaileentzat ere–, ezta ofizialdu ere, 2021ean eta 2022an zer zenbateko izango duen eta nola aplikatuko den errebalorizazio-indize berria –KPI gisa definitzen dutena–. Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak justuki eta zilegitasun osoz defendatzen jarraitzen du 2021ean atzeraeraginezko ordainsaritxoa eta pentsioen egunerapena aurtengo KPIaren bidez egitea, azaroan %5,6 izan dena.

Erreferentzia horrekin, jarraian azalduko ditugun kasuek argi eta garbi erakusten dute, %2,5 inposatzen badigute, ordainsaritxoan eta pentsioen eguneratzean izango dugun galera,.

Aurtengo urtarrilaren 1ean 1.000 euroko pentsioa zuen pertsona bati 658 euroko ordainsaritxoa dagokio, eta 224 euro ezarri nahi dizkiote. Eta pertsona horrek 2022ko urtarrilaren 1ean hasi beharko luke hilean 1.056 euroko pentsioa kobratzen, eta ez 1.025 eurokoa, %2,5 aplikatzen bazaio. Horrek esan nahi du hilean 31 euro galduko dituela (431 euro, urtean).

Kotizaziopeko gutxieneko pentsioak

65 urtetik gorako pentsiodun batentzat, ardurapeko ezkontiderik gabe, %5,6 aplikatuta, 721,76 euroko pentsioa dagokio urtarrilaren 1ean. Eta atzeraeraginezko ordainsaritxoa 449,73 eurokoa.

Eta 65 urtetik gorako pertsona bati, bere ardurapean ezkontidea duenari, 890,52 euroko pentsioa dagokio urtarrilaren 1ean. Eta 554,89 euroko ordainsaria.

Bi kasuetan ikus daitekeenez, oso urrun daude eskatzen dugun 1.080 euroko gutxieneko pentsiotik.

3.- Osakidetzaren arazoak larriagotzen ari zirela sumatzen zen

Joan den astean jakinarazi genuen Bizkaiko lehen mailako arretako zentro askoren arreta-ordutegiak mugatuta daudela abenduaren 6tik 10era eta abenduaren 24tik urtarrilaren 7ra. Udako bi hilabeteetan EAE osoan ezagutu genituen ordutegi-murrizketetarako edo mugatzeko argudio berbera erabili dute: plantillarik ez izatea..

Orain, arazoa areagotu egin da, berriz ere, Zainketa Intentsiboetako Unitateetan (ZIU) sartzeen eta ospitaleratzeen kopuruak gora egin duelako, seigarren –zenbat diren ere ez dakigu– olatuko gorakadaren ondorioz kutsatutako pertsonen kopuru handia dela eta.

Epidemiak kutsatutako pertsonen arreta lehenetsi behar denez eta langile nahikorik ez dagoenez, gaixotasun kronikoak edo oso larriak ez diren gaixotasunak dituzten pertsonei atzeratu egingo diete haien patologien prebentzioa eta jarraipena. Egoera horretako pairatzaileak, berriz ere, lehen mailako arretako zentroetako zerbitzuak eta langileak eta beren zerbitzuak eta arreta behar dituzten pazienteak.

Osasun-zentroetako profesionalak sistematikoki salatzen ari dira Osakidetzaren egiturazko arazoa, plantilla-eskasiagatik, batez ere lehen mailako arretan. Pandemiaren azken boladaren ondoren, langabeziara edo Osakidetzako itxaron-zerrendetara bidali ziren 4.000 profesionaletatik, zenbat berreskuratu dituzte? Langile horiek ahalegin handiak egin zituzten eta esperientzia handia hartu zuten pandemiaren aurreko olatuetako aldirik gogorrenetan. Urkulluren gobernuari, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuari eta Osakidetzako zuzendaritzari eskatu zitzaien langile horiek berriro hartzeko, dauden beharrak behar bezala betetzeko eta pandemia-olatu berrietarako prest egoteko.


Baina, era arduragabean, pandemia garaituta zegoela aurreikusi eta kalkulatu zuten, eta beraz, ez genuela ezagutzen ari garena bezalako bolada berririk izango. Osakidetzan eta mota guztietako zerbitzu publikoetan gero eta diru gutxiago gastatzea baino ez zaie axola, gizarteko sektore gero eta handiagoek –noski, ahalmen ekonomikoa dutenek– zerbitzu pribatuetara jo dezaten.

4.- Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileen greba deialdia, abenduaren 14an

Denbora luzea igaro ondoren, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek herrialdeko hitzarmena lortzeko eramaten duten borrokak bere horretan dirau, sektoreko ordezkari sindikalen eta langileen kontzentrazioekin eta bestelako ekimenekin, baina berehalako konponbiderako susmorik gabe. Orain Bizkaiko egoitzetako langileak dira, ELAk eta LABek deituta, abenduaren 14an greba egingo dutenak.

Egoitzetako langile guztiak txalotzen dituzte egiten duten lanagatik, funtsezkotzat jo baitute, batez ere iazko martxotik jasaten ari garen pandemiaren olatu guztietan. Baina Gasteizko gobernuari eta foru-aldundiei, EAJk eta PSEk gobernatutako erakundeei, bost axola zaie emakume langileen lan-baldintzak. Are gehiago, pozik daude % 100eko gutxieneko zerbitzuak ezarriko direlako; izan ere, gutxieneko zerbitzu horiek eragotzi egiten dute grebak eragina izatea eta langileek beren salaketak eta eskariak kalean aurkeztu behar izatea, ondorio mugatuagoak izanik.

5.- Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Ogasunek beherantz doitu dituzte PFEZren taulak

Egunotan jakitera eman denez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasunek erabaki dute beherantz doitzea, deflaktatzea termino teknikoetan, PFEZaren taulak (% 1,5), azaroan inflazioa % 5,6koa izan denean.

Beherantz doitzeak PFEZn gutxiago ordaintzea ekarriko duela inozenteki pentsa dezaketenak erabat oker daude. Alderantziz, zerga gehiago ordaintzeko da. Eta hori gertatuko zaie aurten iaz baino % 1,5etik gorako diru-sarrerak izan dituzten pertsona guztiei.

Portzentaje hori gainditzen dutenek, nahiz eta % 5,6ra iritsi ez eta, beraz, prezioen igoeraren kontura erosteko ahalmena galtzen dutenek, zerga gehiago ordainduko dituzte, beren diru-sarrera garbiak are gehiago murriztuz, beheranzko doikuntza edo deflazioa % 5,6koa izan balitz baino.

Pentsiodun gehienek, pentsioak % 2,5ekin bakarrik,eguneratzen badizkigute ere, ordainsaritxoa barne, zerbait gehiago ordaindu beharko dugu PFEZn. Eta arazoa ez da hor amaitzen, urte osoan zehar BEZagatik kopuru gehiago ordaintzen aritu gara, prezioak igotzen joan baitira.

Soldatapeko guztiek, pentsiodunek eta herri-klaseek egiten diegu ekarpen handiena kutxa publikoei, PFEZren eta BEZren bidez. Botere ekonomiko handien etekin izugarriei, diru-sarrerei, errentei eta ondare altuei gehiago eskatu beharrean, herri-klaseak gara zergen bidez gero eta gehiago ordaintzen dugunak, horien trukeko hobekuntzarik jaso gabe.

6.- Europar Batasunak dio gutxieneko soldata duinen bidetik egin nahi duela aurrera

Urrian, Europako Parlamentuak ebazpen bat onartu zuen, eta, horren bidez, “Europar Batasuneko (EB) gutxieneko soldata justuetarako lege-tresna bat” proposatzeko eskatu zion Europako Batzordeari. Astelehenean, EBko 27 estatu kideetako ordezkariek, Enplegu eta Gizarte Gaietako Kontseiluaren ministro-bilera batean, gutxieneko soldata “egokiak” sustatzeko eta negoziazio kolektiboa bultzatzeko oinarri bat adostu zuten. Eta orain Euroganberan negoziatuko da.

Baina auziak luze joko du, eta estatu kide bakoitzaren esku geratzen da gutxieneko soldatari buruzko erabakia. Epe laburrean gutxieneko soldata europar eta duin bakar bat erabakitzea, zalantzarik gabe, zaila da, estatu bakoitzeko garapen ekonomiko desberdina kontuan hartuta, bai eta horietako bakoitzaren bizitzaren kostua ere. Baina Europako Batzordearen helburu nagusia herrialde bakoitzeko soldatak eta prezioak homogeneizatzea da, euroaren ezarpenarekin egin zuten bezala. Kontua da homogeneizazio hori soldatetan gorantz egiten den ala ez. Helburu gisa, Europako gutxieneko soldata baterantz edo asko hurbiltzen diren gutxieneko soldatetarantz aurrera egitea ondo dago, baina gutxieneko soldatak herrialde guztietan hobetzeko helburu eta konpromiso argiarekin egin behar da, batez ere oso soldata txikiak edo txikiak dituztenen kasuetan, hala nola Espainiako Estatuan. Herrialde guztietan asko estutzen ez baditugu, hobe da ilusio handirik ez egitea Euroganberatik atera daitekeenaz.

7.- Pentsiodunen mobilizazioa Frantziako Estatuan

Abenduaren 2an, pentsiodunen manifestazioa egin zen Parisen, eta 25.000 pertsona inguru bildu ziren. Sindikatuen arteko koordinazio batek deitu zuen, zazpi sindikatuk eta bi kolektibok bultzatuta, 2014tik pentsiodunen eskubideen defentsan aritzen dena. Hori deigarria izan daiteke hemen, baina Frantziako Estatuan ez dago pentsiodunen mugimendu autonomorik, sindikatutik kanpo, Euskal Herriko pentsiodunen mugimendua bezalakoa.

Pentsioetan, osasungintzan, zerbitzu publiko guztietan dauden murrizketa-arazoak gurean ematen direnen antzekoak dira. Mobilizazioa positiboki baloratu zuten, 2022aren hasierarako mobilizazio eta ekimen berriak aurreikusita dituzte, eta adierazi zuten “pentsiodunek inoiz baino gehiago markatuko dutela gure herrialdeko panorama soziala, gure aldarrikapenak lortzeko pentsioen igoeraren inguruan, gizarte-babesaren sustapenaren inguruan eta gizarte-segurantza eta zerbitzu publikoak indartzearen inguruan”.

8.- Aurrekontuak EAEn, Jaurlaritzak EH Bildurekin akordioa lortu ondoren, abstentzioa bozkatzeko

Datozen asteetan arreta handiagoa jarriko diegu aurrekontu horiei. Gaur, garrantzi sozialeko bi gai baino ez ditugu aurreratuko. Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak (DSBE), oraingoz, % 3ko igoera baino ez du izango, eta horri buruzko elementu gehiago eztabaidatuko dira DSBEren Legearen Erreformari buruzko eztabaida eta erabakian, zeina, printzipioz, hurrengo hilabeteetarako aurreikusita baitago. Gaineratu behar da 20 milioi eurotan gehitu dela gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonentzako partida. Nolanahi ere, azpimarratu behar da pentsiodunen mugimenduaren eskari bat gutxieneko pentsioak 1.080 eurora osatzea dela.

Bestalde, zehaztu gabe jasotzen da EAEn lanbide arteko gutxieneko soldata ezartzeari buruzko akordio politikoa, EAEn batez besteko errenta erreferentziatzat hartuko duena. Baina ez da zehazten zein portzentajetan, esate baterako, Europako Gutun Sozialak jasotzen du batez besteko soldataren % 60a, eta portzentaje hori da euskal pentsiodunen mugimenduak defendatzen duena.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *