Albiste eta informazio interesgarriak 2021eko abenduak 25

1.- Ikatzezko opariak bankuei, Aldundiei eta Madrilgo eta Lakuako Gobernuen ordezkaritzei

Astelehenean, Donostian, ikatza oparitu zitzaien Foru Aldundiari eta Gasteizko Gobernuaren Ordezkaritzari. Beste horrenbeste egin zen Bilbon, baina Bizkaiko hiriburuan oparia bankuei, Foru Aldundiari eta Gobernu zentralaren Ordezkariordetzari egin zitzaien, Udaletik abiatu zen 600 pentsiodun baino gehiagoko manifestazioan zehar, txistulariak, Mari Domingi eta Olentzero buru zirela.

Komunikabideen aurrean, Olentzerok euskaraz eta Mari Domingik gaztelaniaz, opari hori egiteko arrazoiak adierazi zituzten, hala nola:

Bankuak sukurtsalak ixten eta milaka lanpostu suntsitzen ari dira; aurrez aurreko arreta mugatzen dute; edozein banku-zerbitzutarako erabilera telematikoa ezartzen dute egunetik egunera, eta justifikatu gabeko banku-komisioak kobratzen dituzte.

Foru Aldundiak bere eskumeneko gizarte-zerbitzuak murriztu eta pribatizatu egiten ditu. Ez du adinekoen egoitzen eta arretaren ardura hartzen, eta patronalei uzten die etekinak handitzen, baliabideak, plantillak eta lan-eskubideak murriztearen bidez, eta, horrela, egoitzak erabiltzen dituzten adinekoen arreta eta bizi-kalitatea okertzen da.

Estatuko Gobernuaren Ordezkariordetzak pentsioen erreformaren lehen zatiaren legea aplikatuko duen Gobernu zentrala ordezkatzen du; izan ere, lege horrek murrizketa nabarmena ekarriko digu dagokigun aurtengo “ordainsaritxoan”, baita gure pentsioen % 3ko galera ere.

Amaitzeko, nabarmendu zuten “gaur ikatza oparitu diegula, baina ez dezatela ahaztu mobilizazioak eta protestak egiten jarraituko dugula. Gure hurrengo erronka garrantzitsua datorren urtarrilaren 15ekoa da, gure mobilizazioen hasieraren laugarren urteurrena da, eta, egun horretan, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñako kaleak hartuko ditu.

2.- Egoitzetako eta Lehen mailako Arretako protestek aurrera jarraitzen dute

Joan den asteko ostiralean, Gipuzkoako egoitzetako langileak kalera atera ziren berriro, ELAk eta LABek deituta, Gipuzkoako Senideak egoiliarren senideen kolektiboaren babesa izanik, Maite Peña Gizarte Ekintzako Foru Diputatuari bilera bat eskatzeko, “hiru urte baino gehiago irauten duen gatazkari amaiera emateko eta erabiltzaileei zerbitzu duina eta kalitatezkoa emateko”.

Langile talde bat Intxaurrondoko Txara II egoitzara (Peñaren lantokia) joan zen, baina ez zieten harrera egin, nahiz eta aurretik promesak egin. Hiru urte baino gehiago dira herrialdeko hitzarmen duinaren aldeko grebak, kontzentrazioak eta manifestazioak egiten direla. Baina Aldundiak eskuak garbitzen ditu, gatazkaren erantzukizun osoa eta akordioa lortzeko aukera egoitzetako patronalei eta langileei leporatuz; baina, azken batean, Aldundiak ordaintzen eta sostengatzen ditu patronalak, itundutako egoitzei buruzko hitzarmenen bidez, eta Aldundiak ditu gatazka desblokeatzeko ahalmena eta erantzukizuna.

Asteazkenean, osasun-zentroetako (anbulatorioetako) langileak kontzentratu ziren zentro horien atarietan Euskal Autonomia Erkidegoko hiru herrialdeetan, Osakidetzako sindikatuek deituta. Lehen mailako Arretako langileen protesta orokor horren arrazoiak urrutitik datozen sakoneko arazoak izan dira, Osakidetzak eta Lakuako Gobernuak konponbiderik eman ez dietenak. Hainbat arazo dira, hala nola, baliabideetan, plantillak handitzean eta lan-baldintzak hobetzean inbertsiorik ez egitea. Arazo horien ondorioz, langileek gainkarga eta lan-saturazioa jasan behar izaten dituzte, pazienteei ahalik eta ongien erantzuteko, eta profesional askoren artean estresa, arazo emozionalak eta bajak sortarazten ari dira. Arazoa larriagotu egin da pandemiaren olatu berriarekin, eta sektoreko hainbat profesionalek Lehen mailako Arreta kolapso-egoeran dagoela salatu dute.

Mobilizazio garrantzitsua izan zen, eta pentsiodunen mugimenduaren babesa eta parte-hartzea izan zuen, bai elkartasunagatik, bai herritar guztientzako, batez ere adinekoentzako interesagatik; izan ere, Lehen mailako Arreta eta osasun-arreta ona izateak bizitza osasuntsuagoa eta kalitate handiagokoa izatea bermatzen du.

3.- Urtarrilaren 15erako ekimen ugari

Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta hainbat herri eta eskualdetan, pentsiodunen mugimendua buru-belarri ari da pentsiodunei eta herritar guztiei azaltzen urtarrilaren 15ean lau hiriburuetako kaleak eta hiriburuetatik urrun dauden eskualdeetako herri nagusiak betetzearen garrantzia. Urtarrilaren 14-15 bitarteko itxialdiak egitea planteatzen ari da, baldin eta osasun arloko prebentzio- eta segurtasun-baldintzek ahalbidetzen badute, baita manifestazioa hasi aurreko martxaren bat ere, adibidez, Bizkaiko, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko pentsiodunen mugimendua prestatzen ari dena, Santurtzitik abiatu eta ezkerraldeko herriak zeharkatu ondoren Bilbon amaituko dena.

Egun hauetan zehar harremanak hasi dira sindikatuekin eta beste kolektibo sozial batzuekin, mobilizazio honekin bat egin dezaten. Eta 30ean, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako pentsiodunen mugimenduko ordezkariak bilduko dira, urtarrilaren 15a prestatzeko ahaleginak koordinatzeko, hiriburuetako manifestazioen ibilbideak eta ordutegiak zehaztuz eta baita jende gehiago mobilizatzeko horrela egitea aurreikusi duten eskualdeetako buruetakoak ere.

4.- Pandemiak genero-arrakala handitu du

Erakundeek ez dute pandemiak gizonengan eta emakumeengan izan dituen ondorioei buruzko datu zehatzik eman, eta, beraz, ez dute emakumeen eta gizonen arteko genero-desberdintasunaren kontrako neurririk hartu.

Duela egun batzuk Bizkaiko Foru Aldundiak eta El Correo egunkariak antolatutako “Emakumea eta ikusgarritasuna” izenburuko foroan, Cecilia Castaño Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko katedradunak adierazi zuen, 2019an kalkulatzen zela, zegoen “aitzinamendu”-erritmoaren arabera, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko mende bat inguru beharko zela (99,5 urte), eta gaineratu zuen azken bi urteetan larriagotu den egoera kezkagarriaren ondorioz, helburu hori lortzeko epea gehiago luzatuko dela, 135 urte arte inguru.

Ez dakigu noiz arte luzatuko den pandemia honetan, emakumeek lanpostu asko galdu dituzte ostalaritzan, merkataritzan, elikagaigintzan eta emakumeen okupazioa nagusi den beste sektore batzuetan. Egoera hori are lazgarriagoa izan da paperik gabeko emakume migranteen sektorean, adinekoak zaintzen eta etxeko lanetan lan egiten dutenen sektorean, eta, batez ere konfinamendu-aldian, asko eta asko kaleratu zituzten, inolako kalte-ordainik eta gizarte-estaldurarik gabe.

Lanpostuen galerak, prekarizazioak, lanaldi partzialek eta zainketetarako dedikazioak ondorioztatu dute gizonen eta emakumeen soldatetan eta lan-baldintzetan desberdintasunak gora egitea, eta, hori guztia, pandemian zehar funtsezko lanpostu eta zerbitzuak bete dituztenak emakumeak izan direnean.

Eta ezin dugu azpimarratu gabe utzi, hondatze horren ondorioz, emakume horiek erretirora iristen direnean haien pentsioak baxuagoak izango direla eta egungo arrakala mantendu ez ezik handitu ere egin daitekeela. Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak mahai gainean jarritako aldarrikapen  garrantzitsuenetako bat da, hain zuzen, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzea, gutxieneko bizitza duina izateko ezinbestekoa eta gizonen eta emakumeen arteko pentsio arrakala gutxituko duena.

5.- Urtarrilaren 15ean, pentsiodunak, langileak, sindikatuak eta beste sektore eta kolektibo sozial batzuk elkartzeko garrantzia 

Pentsiodunentzat bezala, soldatak eguneratzeko erreferentzia izango da ezarriko zaigun Kontsumoko Prezioen Indize (KPI) berria, hau da, dagokigun % 5,5 ordez, seguraski % 2,5 izango dena. Eta EAEko Lan Harremanen Kontseiluko (LHK) presidente Tomas Arrietak emandako estimazioen arabera, EAEko hitzarmenen % 85 ohiko KPIari lotuta daude, hau da, urtearen amaieran metatutako KPIari. Era berean, hitzarmena duten langileen % 80 inguruk urtarrilaren 1etik aurrera hitzarmena berritu beharko dutela uste du. Termino erlatiboetan, egoera hori nahiko antzekoa da Nafarroan.

EAEko patronalek, ADEGIk eta CEBEKek, dagoeneko adierazi dute soldata-igoerak mugatu nahi dituztela 2021ean hitzarmenak eguneratzeko eta 2022koak berritzeko. Euskal gehiengo sindikala osatzen duten sindikatuek dagoeneko adierazi dute grebak eta mobilizazioak bultzatu nahi dituztela, langileek erosteko ahalmena gal ez dezaten, aurtengo inflazioaren edo KPIaren % 5,5 kontuan hartuta. Baina negoziazioak edo borroka enpresaz enpresa uzteak, haien interesa eta garrantzia aitortu arren,  muga asko ditu, baldin eta mobilizazio bateratuagoak eta koordinatuagoak egiten ez badira, bai lantegietan, bai kaleetan. Hori egiten ez bada, baliteke langileen gehiengoak ere bere hitzarmenak eguneratuta ez ikustea, ez % 5,5ekin, ezta ehuneko txikiagoekin ere.

Urtarrilaren 15a garrantzi handiko aukera da pentsiodunek, langileek eta beren sindikatuek, oro har prekarietatea eta miseriazko soldatak pairatzen dituzten gazteek eta beste herri-sektore batzuek elkartu eta elkarri laguntzeko, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako eta eskualdeetako zenbait herritako kaleak betetzeko, Madrilgo, Gasteizko eta Iruñeko erakunde politikoei eta patronalari eta gainerako botere ekonomikoei helarazteko ez gaudela prest pentsioen eta beste eskubide sozial batzuen murrizketak irensteko.

6.- Estatu mailako pentsiodun deialdi bateratua, otsailaren 12rako

Abenduaren 17an Madrilen egindako aurrez aurreko prentsaurrekoan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkaritza batek eta Estatuko gainerako Herrietako pentsiodunen plataformetako ordezkariek parte hartu zuten, eta ondoko izenburua zuen manifestua aurkeztu zen: “Pentsio Publikoen defentsan, murrizketen eta pribatizazioaren aurka: borrokak aurrera jarraitzen du”.

Bertan, pentsioen erreformaren gaineko “Escrivá” legearen balorazio bateratua jasotzen da. Estatuko Herri eta Erkidegoetako pentsiodunen mugimendu eta plataforma guztiek defendatzen eta eskatzen dituzten aldarrikapen bateratuak jasotzen dira eta planteatzen dituzten murrizketak eta pribatizazio-plana kritikatzen eta salatzen dira. Eta egoera horri erantzuteko, otsailaren 12an mobilizazio koordinatu bat egiteko deia egin zen. Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak jakinarazi zien gainerako plataformei urtarrilaren 15ean ere mobilizatzearen garrantzia, Hego Euskal Herrian aurreikusi dugun bezala. Baina horretarako zailtasunak dituztenez, ez zuten deialdi hori bultzatzeko konpromisorik hartu.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *