Albiste eta informazio interesgarriak         2022ko martxoak 12

Interesgarritzat jotzen ditugulako banatzen ditugu pentsiodunen mugimenduaren berri hauek

1.- Martxoaren 8an, milaka emakumek Euskal Herriko kaleak bete dituzte zaintza sistema publiko baten alde

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko emakumeok martxoaren 8ko ospakizunetan parte hartu dugu, gure aldarrikapen propioekin, pentsioen sistema publikoa defendatuz, pentsioak denontzat duinak eta behar bestekoak izan daitezen eskatuz.

Lau urte baino gehiago daramatzagu kaleetan, emakumeen elkarteekin eta mugimendu feministarekin aliantzak sortzen eta zubiak eraikitzen, eta haiekin batera parte hartzen, sinergiak batzeko, oraindik ere baztertzen gaituen eta zaintza-lanetan eta bizitzari eusteko lanetan betikotzen gaituzten sistemaren aurka borrokatuz, lan horiek ez baitira aitortzen eta ez baitigute eskubiderik sortzen pentsioa eta bizitza duina lortzeko.

Hain zuzen ere, martxoaren 8 honetan, mugimendu feministak zaintza-sistema publikoa aldarrikatu du, emakume pentsiodunekin partekatutako eskaera, denbora daramagulako emakumeek beti egindako ordaindu gabeko lanari buruzko eztabaida eskatzen. Uste dugu garaia dela zainketen gaia erdigunean jartzeko eta zerbitzu soziosanitarioak publikoak, doakoak eta unibertsalak izateko.

Martxoaren 8 honetan milaka emakumek, pentsiodunek, gaztek, langilek, migratuek, ikasleek,… bete ditugu Bilbo, Donostia, Iruña, Gasteiz eta Euskal Herriko hainbat herritako kaleak, zapaltzen gaituen gizarte patriarkal honetan aldaketa erradikalak lortzeko emakumeen antolakuntzari dei egiten dion mugimendu feministaren indarra beste behin ere erakutsiz.

Jakin badakigu eskubideetan, soldatetan eta pentsioetan benetako berdintasuna lortzen ez den bitartean, adineko emakumeok pobrezian eta gizarte-bazterketan biziko garela gure egunen amaieran; horregatik, milaka emakumerekin bat egiten dugu bidegabekeria horien aurka borrokatzen jarraitzeko, eta martxoaren 8a, emakumeen nazioarteko eguna, esparru egokia da elkarrekin gure ahotsa altxatzeko.

2.- Emakume langileok matxinatu egiten dira beren lan-baldintzak hobetzeko eta gizonekiko jasaten duten desberdintasuna salatzeko.

Sistema kapitalistaren ikuspegiaren emaitza da hori. Izan ere, ugazabek eta erakunde askok partekatzen duten ikuspegi horrek ez du “produktibo”-tzat hartzen emakumeek egindako lana (Osasuna, Egoitzak, Merkataritza, Eskola-jantokiak, Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua, Garbiketa-zerbitzuak, etab.). Hori bai, guztia pribatizatu eta kudeatu nahi dute.

Baina mugimendu feministak eta emakume gisa dugun kontzientziak aurrera egin dutenez, gero eta gehiago borrokatzen dugu gure eskubideak defendatzeko eta, bizitzaren arlo guztietan, gizonekiko benetako berdintasuna lortzeko.

Astelehenean, martxoaren 8aren bezperan, Bilboko pentsiodunen kontzentrazioan, emakume batek, txalo zaparradaz lagunduta, honako hau azpimarratu zuen:

Emakume pentsiodunak gara, eta gure eskubideak aldarrikatzen ari gara. Horregatik, solidarioak izan behar dugu gaurko emakume langileekin. Beraz, salatu nahi dugu beraien borrokek eta mobilizazioek ez dutela ia lekurik komunikabideetan.

Egoitzen eta osasun publiko eta kalitatekoaren aldeko mobilizazioetan parte hartu dugu. Baina hitza eman nahi diegu gaur egun soldata berdintasunaren alde eta eskuratutako eskubideei eustearen alde borrokan ari diren sektore feminizatuetako langile guztiei.

KONTSERBETAKO LANGILEAK. Hego Euskal Herrian 2.000 emakume ari dira lanean sektore horretan, eta lankide direnen 100 bat gizonek baino % 30 soldata txikiagoak dituzte. Bermeon, Berriatuan, Markinan eta Ondarroan 1.000 emakume inguruk egiten dute lan, eta horietako asko orduka bakarrik. Soldata ozta-ozta ailegatzen da 1.000 eurora. Azaroan greba egin ondoren, 2024ra arteko hitzarmena sinatu da, eta urte horretan 1.200 euroko soldata bermatuko da.

DESGAITASUNA DUTEN PERTSONENTZAKO OROZKOKO ZENTRO BATEKO LANGILEAK. Zentro hau erantzukizun publikoko zerbitzua da eta finantzaketa jasotzen du. Mojek kudeatzen zuten, baina fundazio baten esku utzi zuten kudeaketa guztia, azpikontratazioaren bidez, soldata- eta lan-baldintzak okertuz. Langile berrien soldata 900 eurokoa da. Egunero elkarretaratzea egiten dute arratsaldeko ordu bietatik laurak arte.

ARTIACHEKO LANGILEAK, OROZKON ERE. 2019az geroztik, 200 langile inguru daude lan-hitzarmenik gabe. Hiru hilabete baino gehiago daramatzate greban; izan ere, enpresak proposatzen duen hitzarmen berrian, besteak beste, soldatan murrizketak egitea, lanaldia handitzea eta antzinatasun- eta gau-plusak murriztea jasotzen baitira. Enpresak 20 milioi euro baino gehiagoko irabaziak izan ditu azken hiru urteetan. Luzerako borroka dagoela ohartarazi dute, argi baitute hori dela gure eskubideak ez lapurtzeko modu bakarra.

IMQ-KO GARBITZAILEAK. Greba eta mobilizazioak hasi ziren, azaroaren 23an, oso feminizatuta zegoen kolektiboan soldata-diskriminazioa ezabatzeko helburuarekin, eta enpresako zuzendaritzak 80 langile kaleratzea erabaki zuen. Joan den asteko asteazkenean, EAEko Auzitegi Nagusiak kaleratzea erabat baliogabetu zuen, kaleratzeak emakumeak izatearekiko eta lan-eskubide bat erabiltzera ausartzearekiko lotura handia zuela iritzita.

GUGGENHEIM MUSEOKO GARBITZAILEAK. Eusko Jaurlaritzaren, Aldundiaren eta Udalaren diru-laguntzak jasotzen dituen museo pribatua. Duela hiru urtetik igoerarik gabe eta 1.000 eurotik beherako soldatarekin. Salatu dute kale-garbiketa batez ere gizonek egiten dutela, eta soldaten arteko aldea handia dela. Ia hiru hilabete daramatzate mobilizazioak egiten.

OSAKIDETZAKO KONTRATETAKO LANGILEEK salatu dute enpresak osasun-arloko langileekiko soldata-homologazioa kendu nahi diela.

Aipatutako borrokez gain, nabarmendu ere egin nahi ditugu.

EGOITZETAKO LANGILEEN ALDIZKAKO BORROKA. Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan aldizkako grebak eta mobilizazioak egiten ari dira, denbora luzean, herrialde-hitzarmenen alde, patronalaren blokeoa dela eta Aldundiek eta beste erakunde batzuek beren erantzukizunak hartzen ez dituztela eta, egoitza gehienak finantzatzen dituztenak baitira.

Gipuzkoan, aspalditik ari dira mobilizazioak egiten GARBIKETAKO ETA ERAIKINETAKO eta Aldundiko beste zerbitzu batzuetako langileak. Bizkaian, HERRIALDE HITZARMENAK ERAGINDAKO GARBIKETA ETA ERAIKINEN sektoreko langileak grebara deitu dituzte negoziazio mahaiaren gehiengo sindikala osatzen duten ELA, LAB eta ESK sindikatuek. Sei eguneko greba izango dira martxoaren 31n, apirilaren 26an eta 27an eta maiatzaren 10ean, 11n eta 12an. Genero-arrakalarekin amaitzea eskatzen dute, eta hilean 1.200 euroko gutxieneko soldata, 15 ordainsaritan.

GORA GARBITZAILEAK. Bizkaiko garbitzaileen kolektibo batek Gora Garbitzaileak izeneko ekimena bultzatu berri du, LABek eta ESK-k babestuta. Azken egunotan bi ekintza burutu dituzte. Lehenengoan, hilaren 3an, Bilboko iturriak morez margotu zituzten; erabiltzen dituzten eskularruak eta lan-tresnak, hiriko “jauntxo” omenduen estatuetan zintzilikatu zituzten; eta pankarta erraldoi bat zabaldu zuten Udaletxeko zubian. Bigarrena, egun batzuk beranduago, ISS Facility Services enpresa okupatu zuten, eta “esplotatzaile”-tzat jo zuten. Martxoaren 31n grebara joango dira herrialde-hitzarmena dela eta, sektore osorako deitu diren sei greba-egunen arteko lehena.

3.- Errenten ituna, prezioak kontrolatzeko eta soldatak eta pentsioak geldiarazteko

Inflazioaren igoera eta bizitzaren kostuaren igoera oso handia izan da azken hiru hilabeteetan (6,5 abenduan, 6,1 urtarrilean, 7,4 otsailean), eta badirudi horrela mantendu edota handitu ere egin daitekeela.

2022an zehar inflazioa moteltzea edo gutxitzea aurreikusten zuten “ekonomilari adituak”, gaur, bat datoz horri eustea oso zaila izango dela esatean. Gasaren, petrolioaren, lehengaien, garraioen eta batez ere elektrizitatearen… prezioen igoerak panorama zaildu egin du, are gehiago Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoak kontuan hartuta.

Espainiako Gobernuak, eragin negatiboak arintzeko, joan den astean konpromisoa hartu zuen argindarraren prezioan zerga-beherapenak mantentzeko, eta errenten itun bat lortzeko aukera aurreratu zuen. Patronala eta CCOO eta UGT sindikatuak gai hori negoziatzen hasi dira.

Oro har, errenta-itunek soldaten eta pentsioen igoeren gehieneko muga finkatu ohi dute, baina enpresen mozkinen aldetik, ez dute inolako mugarik ezartzen, dena asmo onetan geratzen da, marjinak moteltzeko asmoz. Horrela, errenten itunak soldaten igoera moteltzeko tresna bihurtzen dira, eta aldi berean ez da inolako neurririk hartzen gero eta handiagoak diren enpresen mozkinak murrizteko, elektrizitate-enpresekin egiaztatu den bezala. Izan ere, elektrizitatearen prezioak ezartzeko duten ereduarekin, irabaziak hainbesteraino biderkatu diren, non elektrizitate-kontsumo intentsiboa duten eta Hego Euskal Herrian ixtera behartuta dauden fabrika batzuetako enpresaburuak beraien jarrera kolokan jartzen ari baita. Bestalde, CEOEk ohartarazi du soldaten eguneratzeak inflazio baino hainbat puntu azpitik egon behar duela. Adi egon beharko gara errenta-itunaren inguruko negoziazioei eta balizko akordioei.

4.- Pentsiodunen mugimenduaren eskualdeko eta herrietako manifestazio guztiz arrakastatsuak

Aurreko astelehenean Meatzaldeko eta Ezkerraldeko pentsiodunen mugimenduak beste manifestazio bateratu bat egin zuen Ortuellako herrian, hilabete edo hilabete eta erdi bakoitzean bi eskualdeetako herri batean bultzatzeko ohiturari jarraituz. 700 manifestari pentsiodun bildu ziren, herriko kaleak zeharkatu zituztenak, animo handiz eta kalez kale zebiltzan herriko jendeak adeitasunez agurtzen zituelarik.

Astelehenean ere beste manifestazio bat egin zen Galdakaon, herriko pentsiodunen mugimenduak deituta, 65 kaleratzeri aurre egiten dioten Maxam-eko (lehen Explosivos Riotinto zena) langileek lagunduta, eta, baita, zortzi hilabete greban daramatzan Vulcanizados Zuluaga enpresa txikiagoko langileek ere. Manifestazioarekin bat egin zuten, halaber, herriko plataforma bateratu baten kideek. Plataforma hori mobilizatu egiten da herritar gehienei eragiten dieten hainbat arazo sozialengatik, eta pentsiodunen mugimendua ere bertan dago. 500 manifestari baino gehiago bildu ziren, denek eskertzen duten elkarlan eta elkartasun giroan.

Iruñean, pentsiodunen mugimenduak, aurreko astelehenean Bilboko eta Donostiako lagunek egin zuten bezala, manifestazio bat egin zuen 220 pertsonak parte hartu zutelarik, udaletxetik hasi eta Nafarroako Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren bulegoetaraino. Bertan, erakunde horretako zuzendariordeak, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak gainerako herrialdeetan aurkeztukoaren antzeko idazkia, zuzendaritzari zuzendutakoa, jaso zuen. Ondoren, ordezkaritza bat Nafarroako Parlamentura joan zen, eta bertan alderdi politiko guztiei zuzendutako dokumentu bat erregistratu zuten.

Pentsioen erreformaren lehen zatia eta lan-erreforma onartzeak ezarritako zailtasunek ez dute eraginik izan Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bultzaturiko kontzentrazio eta manifestazioetan; izan ere, mantendu ez ezik, asistentzia handixeagoa ere nabari da azken asteotan.

5.- ASJUBI40 elkartea, Europan aurkezteko demanda prestatzen ari da 

Diputatuen Kongresuak pentsioen erreformaren lehen zatia onartu zuenean, joan den abenduan, ASJUBI40 elkarteak –Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren kolaboratzaile eta parte-hartzailea– amaitutzat jo zuen Estatu espainiarraren mailako bide politikoa berea den honako erreklamazioa lortzeko: EZ 40 urte edo gehiago kotizatutako erretiro aurreratua zigortzeari eta biziarteko koefiziente murriztaile bidegabeak ezabatzea.

Elkartea kexu da alderdi politiko eta sindikatu nagusiek, baita Gobernuak ere, bide bazterrean utzi dituelako, Estatuko parlamentu autonomiko guztietan –Errioxakoan izan ezik– onartutako beraien aldarrikapenen aldeko Legez Besteko Proposamenak “ahaztu” egin dituztelako, eta baita Toledoko Ituneko batzordeko kide gehienekin eta batzordeburuarekin bildu ostean egindako promesak ere, garai hartan, Escrivá ministroak berak bidegabetzat jo zuen bizitza osorako bidegabekeria hori konponduko zietela esan baitzieten.

ASJUBI40 elkarteko komitea lanean aritu da urtarrilean eta otsailean, Europaren bidea erabiliz, irtenbide bat aurkitzeko asmoz. Erreklamazio sozialetan Europan esperientzia duen Navas & Cusi abokatu-bulegoarekin harremanetan jarri dira.

ASJUBI40 elkarteak, asjubi40europa@gamail.com helbide elektronikoa jarri du aldez aurretik erretiroa hartu duten, pentsioa zigortuta duten eta gaur egun eskatzen dena baino urte gehiago kotizatuta dituzten pertsona guztien eskura, beren administrazio-demanda Europako Parlamentura eta Europako Justizia Auzitegi Nagusira eramateko jarraitu beharreko prozeduraren berri izan dezaten, edo izan ditzaketen zalantzei erantzuna eman diezaieten.

6.- Estatu mailako sinadurak biltzeko kanpaina, pentsio publiko eta duinen alde

Ostegunean hasi zen ofizialki Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bultzaturiko sinadura bilketa, Estatuko gainerako Herrietako beste plataforma eta pentsiodunen mugimenduekin koordinatuta egongo dena, Diputatuen Kongresuko kide guztiei ondokoak gauzatzeko beharrezko legegintza-urratsak eman ditzaten eskatuz:

  • 2022rako eta hurrengo urteetarako pentsioen erosteko ahalmena bermatzea, “KPI erreal”-aren igoeraren arabera (“urteko KPI metatua”), 2011ko erreformaren aurretik egiten zen bezala, eta 2021ean pentsioen erosteko ahalmenaren % 3ko galera konpentsatzea.
  • Pobreziaren atalasetik beherako pentsiorik ez dagoela bermatzea, soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakala ezabatuz eta gutxieneko pentsioa handituz Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatu arte, zeina batez besteko soldataren % 60an kokatu behar den, Europako Gutun Sozialak gomendatzen duen bezala.
  • Pentsio publiko duinak, bidezkoak eta behar adinakoak eta pentsio-sistemaren izaera publikoa bermatzea, 2011, 2013 eta 2021eko erreformen murrizketak indargabetuz eta sistemaren pribatizazio osoa edo partziala baztertuz,edozein formula erabilita ere.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *