Albiste eta informazio interesgarriak          2023ko otsailak 4 

Interesgarritzat jotzen ditugulako banatzen ditugu pentsiodunen mugimenduko albiste hauek

1.- Astelehenean plazetan azalduko den EHPMaren adierazpena

Etzi, Hego Euskal Herriko lau hiriburu eta 75 herrietako pentsiodunen elkarretaratzeetan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren (EHPM) adierazpen bat irakurriko da, non hainbat gai interesgarri jorratzen diren.

Idoia Mendia lehendakariordeari kritika. Duela gutxi egindako adierazpenetan azaldu du Euskal Autonomia Erkidegoko Diru Sarrerak Bermatzeko Lege berriak 1.013,5 euroko errenta bermatua ezarri duela pentsiodunentzat, martxoaren 29tik aurrera, eta duela 5 urtetik EHPMak aldarrikatutako 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren eskaritik oso hurbil dagoela.

Baieztapen hori gezurtatzen du adierazpenak, lehenik eta behin, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, Gizarte Segurantzaren pentsio gehienak bezala 14 ordainsaritan jaso behar delako eta ez Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan (DSBE) jasotzen diren 12 ordainsaritan. 1.013,5 euroko 12 ordainsarien eta 1.080 euroko 14 ordainsarien arteko aldea 2.958 eurokoa da urteko. Bigarrenik, 2022ko uztailean, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), gutxieneko kotizaziopeko pentsioak 59.475 ziren, eta kotizazio gabeko pentsioak, 13.000; 2022ko abenduan, pertsona horien %17,5ek (12.686) soilik jasotzen zuten EAEko erakundeetatik osagarri bat DSBEren bidez.

Adierazpenak nabarmentzen du hori gertatzen dela legearen bi ezarpenen eraginez. Izan ere, dirulaguntza emateko, bizikidetza-unitate osoaren diru-sarrerak hartzen dira kontuan, eta ez onuradunarena bakarrik. Horrek kanpoan uzten ditu beste pentsiodun batzuekin edo lanbide-jardueran diharduten langileekin bizi diren pertsona asko. Bestea da administrazioak ez duela osagarria ofizioz ematen. Gogoratu behar da pentsioak banakakoak direla.

Estatuko Gobernuak hartu duen Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) 1.080 eurotan ezartzeko erabakia. CCOOren eta UGTren babesarekin, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak urrats positibotzat jo du LGS 1.080 eurora igotzea. Baina zenbateko hori nahikoa ez dela uste du, duela 5 urtetik eskatzen dituen 1.200 euroen oso azpitik baitago, Estatuko batez besteko soldataren % 60tik ere urrun, eta EAEko eta Nafarroako batez besteko soldatatik askoz urrunago.

Era berean, adierazpenak azpimarratzen du 2023rako gutxieneko soldataren zenbatekoa (1.080 euro) gure aldarrikapen historikoarekin bat etortzeak “arrazoiak ematen dizkigula gutxieneko pentsio hori berehala 1.080 eurokoa izan dadin eskatzeko”. Hori dela eta, “EAEko gobernuko lehendakariordeari eta haren gobernuari eskatzen diegu ez ditzatela jendea nahasteko informazio engainagarriak eman eta pentsioak 1.080 euroraino osa ditzatela berehala 14 ordainsaritan, eta PSOEren eta Unidas Podemosen Gobernuari eta Escrivá ministroari exijitu diezatela gutxieneko pentsioa orain 1.080 eurokoa den LGSrekin parekatzeko konpromisoa bete dezatela”.

Martxoaren 13tik 18rako asterako mobilizazio handia prestatzen. EHPMak iragarri du ekimen eta mobilizazio aste bizia prestatzen ari dela martxoaren 13tik 18ra. Aste horretan asanblada iraunkorra antolatuko dugu eta baraualdia egingo dugu Bilbon, eta mobilizazioak egunero burutuko ditugu, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa behingoz lortzeko eta, hala badagokio, EAEko eta Nafarroako gobernuek pentsiodunen gutxieneko pentsioak zenbateko horretara arte osatzeko. Adierazpenaren amaieran azaltzen denez, astelehenean eta datozen asteetan Euskal Herriko herri eta hirietako plazetan egongo gara, “gobernatzen duenak gobernatzen duela, pentsioak defendatu egiten ditugu” behin eta berriz adieraziz.

2.- BBVAren mozkin eskandalagarriak 2022an

Egun hauetan zehar, banku talde guztiek 2022an izandako eskandaluzko irabaziak publiko egiten hasi dira. Horietako bat, BBVA, egoitza nagusia Bilbon duena eta bere irudia euskal banku bezala eta bere herrialdearen garapenean interesatu gisa saltzen duena. Carlos Torres presidentearen arabera, 2022an 6.420 milioi euroko irabaziak izan ditu. Aurreko urtean baino %38 gehiago. Eta etekin horietatik 3.000 milioi inguru bere akziodunei bideratuko dizkiela, bere akzioen dibidenduak modu ikusgarrian hobetuz.

Banku-mozkin horien zati handi bat hipoteka-kredituen interesen gehikuntzak eta komisioen kobrantzak eragiten dutela aitortu du. Erreserba Federalek, Banku Zentralek, besteak beste, Europako Banku Zentralak onarturiko interes-tasen igoerak, inflazioa kontrolatzeko eta murrizteko ustez justifikatuak, bankuentzako mugarik gabeko “pagotxa itzela” bihurtzen ari dira. Sufritzen dituztenak: hipoteka-kredituak dituzten milioika pertsona eta familiak, eta gizartearen gehiengoa osatzen duten langileek, pentsiodunek eta herritarrek, gero eta okerrago artatuak izaten direnak eta, edozein eragiketa edo banku-eskari egin ahal izateko, komisio altuagoak ordaindu behar dituztenak.

Gobernu zentraletik ahots batzuk entzuten dira etekin ikaragarri eta justifikatu gabeko horiek kritikatzen, jende gehiena gaizki pasatzen ari denean. Baina ez dira neurri eraginkorrak hartu gutxi batzuk guztiaz jabetu ez daitezen edo onura atera ez dezaten, eta egunetik egunera larriagotu egiten da desberdintasun soziala, eta gizarteko sektore gero eta handiagoak miseriara kondenatzen dituzte.

3.- Zerga-erreforma EAEn?

EAJk eta PSEk EAEn zerga-erreforma egiteko prest daudela jakinarazi dute egunotan. Ez dute proposamenik zehaztu, eta badirudi hauteskunde-interesak dituen erretorika bati erantzuten diola. Azken urteotan, hainbat sindikatutatik, alderdi politikotatik, sakoneko zerga-erreforma baten beharra planteatu da, gehien dutenei zerga gehiago ordainarazteko eta gizartearen gehiengoaren behar sozialetara partida ekonomiko handiagoak bideratzeko. Pentsiodunen mugimenduak ere bat egin du planteamendu horrekin.

Iaz, 2022an, 17.000 milioi euro baino gehiago bildu ziren, eta zenbateko hori lortzen zen lehen aldia zen. Zenbateko horren %70 BEZaren eta PFEZaren eskutik etorri zen. Sozietateen gaineko zergaren bidez, %6 baino ez. Igoera hori inflazioaren eta prezioen igoeraren ondorioz gertatu zen batez ere. Horrek, funtsean, langile eta herritar klaseak, beraien artean, pentsiodunak zigortu zituen. Bitartean, bankuek eta IBEX-35eko enpresa handiek, berriz, esponentzialki handitu zituzten beren etekinak.

Hauteskunde-kanpaina aukera egokia izan daiteke alderdi guztiek zerga-erreformarako proposamen zehatzak planteatzeko, praktikan jartzeko benetako borondatearekin, batez ere Foru Aldundietako gobernuetan eta beren ogasunetan parte hartuko dutenen aldetik. Proposamen zehatz horiek adieraziko dute, zalantzarik gabe, nortzuk dauden interesatuta boteretsuenen interesak defendatzen eta nortzuk gizartearen gehiengo herritarraren interesak.

4.- Mobilizazio ugari osasun publikoa eta kalitatezkoa defendatzeko

Bortziriak kalera atera zen ostegunean, hilak 26, osasun zerbitzu publiko eta duin baten alde. Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako herriak (Bortziriak eskualdearen parte direnak, Nafarroako iparraldean) kalera atera ziren ostegunean, hilak 26, osasun zerbitzu publiko eta duin baten oinarrizko eskubidea aldarrikatzeko. Hilero egiten jarraituko dute, beraien eskariak lortu arte.

Herri txikiak izan arren, bost herrien artean, 1.000 bizilagun baino gehiago biltzea lortu zuten. Bost herrietan irakurritako ohararen arabera, “pertsona guztiek dute mediku batek artatuak izateko eskubidea, bai herri handi eta ertainetan, bai herri txikietan”.

Bortzirietako biztanleak artatzeko, sei familia-mediku eta bi pediatra (horietako bat lanaldi osoan eta bestea lanaldi erdian) beharko lituzketela adierazi dute. Baina gaur egun lau familia-mediku baino ez daude, egun batzuk gutxiago, eta ez dago pediatrarik. Hori dela eta, herrietako mediku-kontsultategietan ez zaie arretarik ematen, eta Lesakako anbulatoriora joan behar izaten dute artatuak izateko. Egoera hori konpontzeko “borondate politikoa” behar da, eta, beraz, profesional gehiago izatea eskatu dute, baita osasun-azpiegiturak hobetzea eta osasun-zentroa handitzeko plana garatzea ere.

TOPAk elkarretaratzea deitu du Donostian otsailaren 4an. Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) plataformak otsailaren 4an eguerdiko 12:00etan Donostia Ospitalearen aurrean elkarretaratzera deitu du, “Donostia Ospitalean artatuak izateko dugun eskubidea” aldarrikatzeko. Bertara joateko autobusak antolatzen ari dira Tolosatik, Villabonatik eta Andoaindik.

BOPAk otsailaren 4an ere Barakaldon manifestatzeko deia egin du. Eguerdiko 12:00etan, Barakaldo Osasungintza Publikoaren Alde (BOPA) herri plataformak Herriko Plazatik abiatuko den manifestazioarekin bat egitera gonbidatu ditu herritarrak. Bere leloa: “Osasun Publikoaren Defentsan”.

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak kontzentrazioak deitu ditu otsailaren 9rako anbulatorioen aurrean. Etengabeko Arretako Guneen (EAG) itxierek, anbulatorioetako ordutegien eta aurrez aurreko arretaren murrizketak, Basurtuko Ospitaleko Bihotzeko Kirurgia Gurutzetara eramateko planak eta abarrek atsekabe orokorra eragin dute Bizkaiko hiriburuko herritarrengan. Nahigabea eta haserrea ez da Bilbokoa bakarrik, baizik eta EAE osora hedatzen ari da Osakidetzaren eta zerbitzu soziosanitarioen hondatzearen ondorioz.

Horrelako arazoek kezkatuta, Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak elkarretaratzeak deitu ditu otsailaren 9an, arratsaldeko 19:00etan, hamar anbulatorio ingururen aurrean (horietako batzuetan inguruko auzo ezberdinetako bizilagunak bilduko dira). Mobilizazio horiek guztiek pentsiodunen mugimenduaren babesa dute.

5.- Krisia Osasunbidean

Nafarroako Medikuen Sindikatuak (NMS) asteazkenetik (otsailak 1) aurrera hasi zuen greba mugagabea. Osasun Sailaren arabera, %10 baino zertxobait gutxiagok egin zuen bat grebarekin (2.200etik 203 medikuk). Sektore pribatuan lan egin ahal izateko esklusibotasunaren kontzeptua baliogabetzeko proposamena ez du bere gain hartu Osasun Sailak eta hilean 400 euroko konpentsazio-osagarria eskaini die, eta baita sektore pribatuan lan egin ahal izatea ere, baina ez osasungintzan. Proposamen horren aurrean, NMSak grebari eutsi dio.

Bestalde, Osasunbideko gehiengo sindikala osatzen duten LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek ostegunean iragarri zuten otsailaren 15erako greba-egun bat deituko zutela. Sindikatu horiek ez daude ados NMSaren proposamenekin, eta Osasunbideko langile guztientzat (13.000 pertsona baino gehixeago) soldata eta lan hobekuntzak, eta ospitaleetan, Lehen Mailako Arretan eta abarretan arreta medikoa hobetzeko neurriak eskatzen dituzte. SATSE erizainen sindikatuari dagokionez, aurrekoetatik aldendu da, bere aldarrikapen espezifikoak planteatu ditu, beste greba-egun bat iragarri du eta hilaren 18an (larunbata) manifestazioa egingo du. Azkenik, Nafarroako Osasun Plataformak elkarretaratzea deitu du larunbat honetarako Otsaila, goizeko 11etan, Osasun Sailaren aurrean, honako eskari honekin: Esklusibotasuna BAI/Pribatizazioari EZ!.

Krisi-egoera nahasia da, herritarrei osasun-arreta emateko arazoek eragindakoa, eta asteazkenean bertan hasi zen arreta-arazoak izaten espezialitateen sektorean. Ez da erraza datozen egunetan gauzek izango duten bilakaera aurreikustea. Pentsiodunen mugimenduarentzat funtsezkoa eta lehentasunezkoa da osasun-sistema publikoa den Osasunbidea defendatzea, eta hura defendatzen duen gehiengo sindikalari lagunduko dio, bere plantilla osoak soldata- eta lan-baldintza duinak izanik, bai eta Osasunbidea osasun-sistema publiko eta kalitatezko gisa indartzeko beharrezkoak diren egitura-aldaketak exijitzea ere.

6. – Macrón-en pentsio-planaren aurkako mobilizazioa are indartsuagoa izan da hilaren 31n 19an baino

Grebak, lanuzteak eta mobilizazioak –batez ere azken horiek– hilaren 31n 19koak baino indartsuagoak izan ziren. Sindikatuen arabera, 2.800.000 pertsona mobilizatu ziren Frantziako 250 hiriburu eta hiritan, gazteen parte-hartze handia izanik. Beste horrenbeste gertatu zen Baionan ere, 17.000 pertsona inguru bertaratu baitziren manifestaziora. Macrón-en erretiroen eta pentsioen murrizketen plana Frantziako Asanblada Nazionalaren esku dago jada, eta bertako Gizarte Gaietarako Batzordeak berehala hasiko ditu plan horri buruzko eztabaidak. Macrón-ek aurrera jarraitzen du martxoa amaitu aurretik Asanblada Nazionalean eztabaidatu eta onartzeko planarekin. Sindikatuak eta beste gizarte talde batzuk ez dira geldituko plana bertan behera utzi arte, eta mobilizazio gehiago deitu dituzte otsailaren 7rako eta 11rako.

Asteartean, hilaren 31n, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko ordezkaritza bat Baionako manifestazioan izan zen. Manifestazioaren hasieran, Lapurdiko hiriburuko geltokiaren aurrean bildutako jendeari hitz egiteko aukera izan zuen, eta hainbat komunikabidek elkarrizketatu zuten, hala nola Hendaiako Antxeta Irratiak, EITBk eta Ser kateak. Ostegunean, Irungo eta inguruko pentsiodunen mugimenduko beste kide talde batek Hendaiako beste elkarretaratze batean parte hartu zuen. Ostegunean pentsiodunen mugimenduko 30 kide baino gehiago Hendaian beste elkarretaratze batean parte hartu zuten, Irungo eta Hendaiako 200 pertsona baino gehiago, LABek, CGTk eta pentsiodunek deituta.

7.- Erromoko Nagusien Etxea eraistearen aurkako manifestazioa

Abuztuaren 17an epaile batek ez eraisteko kautelazko erabakia hartu ondoren, EAEko Auzitegi Nagusiak kautelazko etete hori baliogabetzea erabaki zuen urtarrilaren 11n. Eta joan den asteartean, hilak 31, Getxoko Udaleko udal langile brigada bat, polizia talde handi batekin batera, eraikinean geratzen ziren altzariak eta beste elementu batzuk biltzen aritu zen, eraikina husten saiatuz eta horretarako hainbat kamioi betez. Nagusien Etxea elkarteko zuzendaritza batzordeak tresna batzuk bildu ahal izan zituen eta eraikinaren sarreran eta inguruan protesta egiteko bildu ziren dozenaka lagunekin batera egon zen.

Zuzendaritza Batzordeak kasazio-errekurtsoa aurkeztuko du Espainiako Auzitegi Gorenean. Baina Getxoko Udalak errekurtso hori ebatzi baino lehen eraitsiko duen beldur dira. Hori eragozteko, manifestazioa deitu da Erromon, otsailaren 12an, eguerdiko 13:00ean. Era berean, auzoko gazte taldeak hainbat ekimen prestatzen ari dira. 2020ko maiatzera arte, Itzubaltzeta Gaztea kolektiboko gazteek adinekoekin partekatu zuten Nagusien Etxea.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *